NAIZ

Langile batek istripu larria izan du Atxondon dagoen Draxton-Fuchosa enpresan

Draxton-Fuchosako enpresa-batzordeak asteartean izandako istripu larria salatu du gaur. Langilea anbulantzian eraman behar izan zuten ospitalera. Istripuaren oinarrian prekarietatea jarri du batzordeak.

Atxondon dagoen Draxton-Fuchosa enpresaren lantegia.
Atxondon dagoen Draxton-Fuchosa enpresaren lantegia. (ELA)

Draxton-Fuchosako enpresa-batzordeak gogor salatu du Atxondoko instalazioetan asteartean izandako lan-istripua.

ELA sindikatuak komunikabideei bidalitako ohar batean adierazi duenez, langile batek istripu larria izan zuen, eta anbulantzian eraman behar izan zuten ospitalera, larri. Ertzaintza gertakarien atestatua jasotzera joan zen instalazioetara.

«Enpresa horretan lan-istripuak areagotzearen arrazoiak honako hauek direla azpimarratu du batzordeak: prekarietatea, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, lan-baldintzen eta instalazioen okertzea eta gehiegizko lan-erritmoak, baita lan-osasunaren arloko ez-betetze orokorrak ere», nabarmendu du sindikatuak.

Istripuaren larritasuna ikusita, elkarretaratzea deitu dute ostegunean, hilak 25, 12.30etik 14.30era, Atxondoko Draxton-Fuchosako ateetan.

52 langile hil dira aurten Euskal Herrian

Astelehenean 34 urteko langile bat hil zen Markina-Xemeingo Lekoitz harrobian harri handi batek harrapatuta. 52 langile hil direla lan istripuz Euskal Herrian 2022a hasi zenetik, horietatik 5 abuztuan.

«Beste laneko heriotz bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez itzuli. Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek ekidingarriak direla, hauen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin litezkeela prebentziorako neurriak beteko balira», nabarmendu zuen LABek prentsa ohar batean.