NAIZ
Donostia

Culinary Zinema, mundu mailako bost estreinaldi Zinemaldian

Zinemaldian gastronomiari eskainitako Culinary Zinema sailean mundu mailako bost estreinaldi eskainiko dira, eta beste hainbeste izango dira gaiari lotutako nazioarteko hitzorduak Uruguai, Txina, Peru eta Japonia izanik helmuga.

Joxe Mari Aizega (Basque Culinary Center) eta Jose Luis Rebordinos, asteazken honetan.
Joxe Mari Aizega (Basque Culinary Center) eta Jose Luis Rebordinos, asteazken honetan. (Zinemaldia)

Mundu mailako bost estreinaldik osatuko dute Culinary Zinema saila Zinemaldiaren 70. edizio honetan. Asteazken honetan prentsaurrekoan jakitera eman denez, 'Mibu. La luna en un plato' filmak inauguratuko du eta jatetxe japoniar ospetsua sakonki ezagutzeko aukera paregabea da. Bestetik, 'Virgilio' filmak saila itxiko du, Limako Central jatetxeko sukaldariaren erretratua den lanak.

Sailak, halaber, hirugarren dokumental bat ('La Huella') eta bi fikzio ('Xiao shan he' eta 'The Zen Diary') ere bilduko ditu.

Culinary Zinema sailak emanaldiekin zerikusia duten bost afari tematiko ere eskainiko ditu, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak aditzera eman dutenez.

Zuzendariak eta haien lanak

'Mibu. La luna en un plato' lanarekin egin du debuta zuzendari gisa Roger Zanuy (Bartzelona, 1978) antzerki-aktore eta ekoizleak. Mibu jatetxearen historia eta inspirazio-iturriak azaltzen dizkigu filmak, eta munduko sukaldari handi ugari bildu ditu.

Alfred Oliveri (Buenos Aires, 1969) jada izan da Culinary Zinema sailean 'Tegui: un asunto de familia' (2018) bere lehen lana eta 'La leyenda de Don Julio: Corazón & Hueso' (2019) filma aurkezten. Ordea, orain, eta Virgilio Martinez sukaldariarenganako hurbilketa dokumental batekin itzuliko da. Zuzendariak 'Central' jatetxera hurbilketa proposatzen du. Liman kokatua, Latinoameriketako onenetakoa idela iritzi du kritika espezializatuak.

'La Huella, historia de un parador de playa' lanean, Argentinan bizi den Alessio Rigo de Righi errealizadore italiar-amerikarrak (Jackson, Mississippi, 1986) Uruguaiko herri txiki batera eraman zuen kamera. Han, duela 20 urte, hiru lagunek 50eko hamarkadako hondartza-ostatu bat eraikitzeko erronka onartu zuten.

Peng Chen (Shenzhen, 1968) zuzendari eta gidoilari txinatarrak bere bigarren film luzea, 'Xiao shan he' erakutsiko du. Fikziozko film horretan janariak eginkizun garrantzitsua du protagonistaren bitartez, jaioterrira itzuli eta amona eta haurtzaroko lagunekin elkartuko den neska gazte batean hezurmamitua.

Azkenik, Yuji Nakae (Kioto, 1960) zinemagile japoniarraren fikziozko lan berria 'The Zen Diary' da. Protagonista mendian bakarrik bizi den eta janaria berak lantzen dituen barazkiekin eta muinoetan biltzen dituen perretxikoekin prestatzen duen idazle bat da; hala, naturan bizitzeak zer esan nahi duen gogoraraziko digu egileak, baita lurrak zer usain duen eta bizitza zein aberatsa den ere.

Afari tematikoak

Culinary Zinema saileko bost film luzeekin batera, afari tematikoak antolatuko dira, zehazki, irailaren 19tik 23ra Basque Culinary Centerren, eta afari horien ezaugarri komuna sukaldaritza-helmugetarako bidaiak izango dira.

Uruguai, Txina, Japonia eta Peru. Emanaldietarako eta afarietarako baterako sarrerak irailaren 2an jarriko dira salgai, 10.00etan, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez, eta 80 euroko prezioa izango dute. Soilik pelikulak ikusteko sarrerak irailaren 11tik aurrera jarriko dira salgai eta 8,25 euro balioko dute.

Baieztatu dutenez, gainera, aurten Culinary Zinema ohiko formatura itzuli eta hamar mahaikide izango ditu mahai bakoitzeko, «esperientzia aberastuko duten elkarrizketak bultzatzeko».