Maite Ubiria

Osasun neurririk gabe baina inflazioaren motxilarekin abiatu da ikasturtea Ipar Euskal Herrian

Ikasturte hasierari ekin diote ostegun honetan Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko milaka haurrek. Azkeneko bi eskola sartzeekin alderatuta gaur ez dute maskararik jarri behar. Inflazioa eta baita hezkuntza baliabideen faltari loturiko beste hain bat zama zeramaten, ordea, motxilan.

Irakasle bat bere ikasleekin kalakan hiru eskola berbatu ondoren eraberritua izan den Marinela ikastetxean, Ziburun.
Irakasle bat bere ikasleekin kalakan hiru eskola berbatu ondoren eraberritua izan den Marinela ikastetxean, Ziburun. (Guillaume FAUVEAU)

Udako oporraldia amaituta Pirinio Atlantikoen departamenduan dauden 500 ikastetxe eta 87 kolegioetan ateak zabaldu dituzte gaur goizean.

Orotara 111.000 ikasle inguru egin dute klaserako bidea Euskal Herria bere baitan hartzen duen departamenduan, horien erdia, gutxi gorabehera, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin.

Azkeneko bi ikasturteekin alderatuta gaur osasun protoko hertsirik gabe heldu dira ikastetxeetara irakasle zein ikasle. Ohiko urduritasuna alde batera utzita, askoz irudi lausoagoa eskaini du, ondorioz, ikasturte hasierak.

Izan ere, bertze hainbat kezka badira kurtso hasiera honetan, irakasleen kasuan gehienbat hezkuntza baliabidei eta lan baldintzeei lotutako kezkak dira, eta ikasleen familiei dagokionez inflazioak oraindik gehiago zamatu duela ikasturte hasierarako aurrekontua jakina delako. Egoera horretan, familiei egokitutako sartzerako laguntzak emendatu ditu frantses Gobernuak.

Zifrekin jarraituz, hiru ikasletarik bi sare publikoan jardungo dute aurten eta hirutik batek euskara ikasiko du, nahiz eta hizkuntzarekiko harremana oso bestelakoa izan murgiltze ereduan ikasi edo sail elebidunean jardun.

Hain zuzen, gaurko ikasturte hasiera berezia izan da hemendik aurrera ama esskolan soilik ez lehen mailan ere murgiltze ereduan jardunen duten Irisarriko ikasle eta irakasleentzat.

«Garaipen ederra da guretzat» aitortu dio Mediabask hedabideari Julie Pons Nafarroa Behereko herriko ikastetxearen zuzendariak.

«Nire esperantza da sare publikoari dagokionez Irisarriko kasua aldaketa bat ekarriko duela», gaineratu du.

«Ontsa da, erabaki honi esker hizkuntza garatzeko aukera gehiago izaten dutelako haurrek, lehen ama eskola amaituta kurtso gutxiago zituztelako euskaraz», goraiatu du, bere aldetik, Kayet Gastellu Elaia izeneko ikaslearen aitak.

Larraineko ama eskolan borroka luzea eman dute baita ere euskara eskola publikoan sartzeko. Jean Dominique Iriart auzapeza buru duen Herriko Etxeak irmoki babestu du gurasoen aldarrikapena. Gaur, finean, euskaraz egin dute sartzea Zuberoko herri horren haur guztiak.

Larrainen bezala euskara ahoan sartze berezia izanen dute ama eskolara joanen diren Barkoxeko haurrak ere.

Ospatzeko arrazoi gutxiago badute ere Beskoitzeko ikastolan haurrei «harrera duina» egiteko lanean jarraitzeko asmo osoa dute gurasoek zein irakasleek.

54 ikasle izena eman dute eskola sartzerako Lapurdiko ekialdeko herrian eta, maleruski, oraidik ere aurrefabrikatuak baliatu beharko dituzte, iragan uztailean eginiko agerraldian salatu zutenez.

Arazoen gainetik, amore eman gabe ikastola garatzen jarraitzeko lanean jarraitzeko engaiamendua berretsi du ikastolako talde pedagokikoak.

Ikastoletako sare osoa aintzat hartuta 4.100 bat ikasle inguru jardunen dute aurten murgiltze ereduan, Seaskan.

Hiriguneetan euskararen presentzia apalagoa

Euskarazko hezkuntza oraindik ere apala jarraitzen du izaten hiru lurraldetan, are gehiago hirigunetan.

Esaterako Angelun dauden zortzi eskolak aintzat hartuta 1.935 ikasle hasi dira gaur ikasturtea. Horietatik %17a baizik ez da arituko sail elebidunean, 328 orotara.

Populazioa aldetik BAB (Biarritz-Angelu-Baiona) hiriguneko bigarren hiri handiena den Angelun postu erdia sortu dute euskaraz eta frantses jarduteko aurten Jean-Jaures ikastetxean «gurasoen eskaera handiari erantzuteko».

Azpiegituren alorrean, Angeluko Herriko Etxeak Évariste-Galois eta Justin-Larrebat ikastetxeen eraberritzean 1,72 milioi euro inbertitu ditu aurten.

Eskolara oinez eta jangela iazko prezio berean

Horrekin batera hiriko ikastetxetan aldaketa klimatikoari eta energia krisiari hobeki erantzuteko bertze hainbat egitasmo bultzatuko dituzte Angelun, alde batetik eremu berdeak handitzeko lanak sustatuz eta bestetik kirol jarduerak bultzatuz.

Hala ikastetxera oinez joateko martxan jarritako ibilbide seguruak nahi ditu zabaldu. 26 familiek parte hartu zuten joan zen urtean ekimenean, 200 kilometroko joan-jinak metatu zituztela ikasturtearen amaierako.

Finean, familiengan inflazioak eragindako kalteari erantzunez, %60an tokiko mozkinekin hornitzen diren eskola jangelak erabiltzearren ikasleek ordaintzen duten kuota ez du emendatuko, zerbitzuaren gainkostua (28.000 euro) beregain hartuz.

Biarritzen, Maider Arosteguy auzapezak hiriko hainbat eskoletara bertaratu da gaur goizean ikasturte hasiera markatzeko. Azkeneko urtetan ikasle kopuruan neurtu den apaltzea zertxobait geltu delako kontent azaldu da udala. 1.058 haurrek hartu dute gaur klaserako bidea Biarritzen. 

Hiru eskola elkartu dituzte Ziburuko Marinela auzoan

Ziburun berrikuntzak ekarri ditu ikasturte hasierak. Azkeneko bi hamarkadetan lehen mailan giza baliabideen %50 galdu duen eskola publikoa suspertu nahian Herriko Etxeak hiru eskola, Gurutze Gorria, A. Briard eta Marinela azken auzo horretan guztiz arramoldaturiko eraikinean elkartu ditu.

Hala auzo ezberdinetan barreiaturik izan  ordea ikasleek Marinelan ahal dituzte ama eskolatik eta kolegioa bitartean ikasketak bururatu.

Ikastetxeen batuketa atalka egin dute. 2021ko irailean lehenengo faseari egi zioten, eta behin lanak amaitu ondoren maila guztietako ikasleek elkarrekin ekin diote gaur ikasturte berriari.

Eneko Aldana buru duen Herriko Etxeak azaldu duenez talde pedagogikoak dinamika berria ahalko du ikastetxe berrian, «eta gurasoentzako askoz erakargarriagoa izanen da jarraikortasun pedagokikoa bermatzen duen ikastetxera seme-alabak eramatea».

Besteak beste etxebizitza lortzeko dauden arazoengatik gazte askok herritik alde egin behar izan dute azken urtetan. Beste eremutan ere aldaketak behar badira sustatu onartuta ere, Herriko Etxeak uste du herrian bertan zerbitzuak hobetzea ezinbestekoa dela joera aldatzeko.

Marinelan, finean, eskola kanpoko zein zaintza jarduerak bermatuko dituzte, beti ere 2015az herrian abiatu zen murgiltze ereduari tokia eginez. «Murgiltze eredua eskainiko da ez soilik ama eskolan baizik eta ikasleak sekzio handian sartu arte», mahaigaineratu dute udal iturriek.

Orotara 175 ikaslek izena emana zuten agorrila erdialdean Marinelako eskolan eta 120k izena emana zuten klase aurreko edo osteko zaintza bermatuko duten zerbitzuetan.

1.047.928 euroko inbertsioa eskatu du Marinela ikastetxe eremua handitzea eta eraberritzea, horietatik 398.153 euro Herriko Etxeak ezari ditu, hau da buxetaren %38a.

Autismoarekin bizi diren haurrendako klasea Baionan

Baiona izanen da, bistan da, eskolatze zenbaki handienak izanen dituen hiriak. Lapurdiko hiriburuan 2.529 ikaslek eskolako bidea hartu dute ostegun honetan.

22 ikastetxe diruen hiriko udalak 9 milioi euroko buxeta eskaini dio aurten hezkuntzari. Ikasturte berriari begira 900.000 euro inbertitu ditu Herriko Etxeak eskolen azpiegiturak hobetzeko.

Oro har irakasle eskasia izanik ere -4.000 irakasle postu falta dira Hexagono mailan- Baionan «baliabideak %2an emendatu direla» nabarmendu du Herriko Etxeak.

Berrikuntza bezala, aurten Jean-Pierre Brana ikastetxean autismoarekin bizi diren ikasleen formazioa bermatzeko saila irekiko dute.

Azkeneko urtetan garatutako egitasmoari jarraituz, tokiko mozkinek eta elikagai biologikoek presentzia gehiago izanen dute jangeletan. Bertan banatuko diren janarien %66a tokiko produktuekin eginen dituzten eta bertze %33 elikagai biologikoekin.