«Covid-19a mende honetako izurriterik handiena izan da, azken lau mendeetako laugarrena, baina entsegu bat baino ez da izan etorriko diren pandemia kaltegarriagoetarako prestatzeko: abisatuta bageunden –eta bagaude– ere, erantzuteko prestatu gabe segitzen dugu». Mezu tinkoa eta gogorra eman du Espainiar Estatuko Epidemiologiaren Elkarteak hiru egunez Donostian egin duen kongresuaren itxieran. Sektoreko 800 aditu baino gehiago bildu dira XXI. mendeko erronkak aztertzeko, ingurumenarekin, klima larrialdiarekin eta ezberdintasun sozialekin lotutakoak.
Efe agentziak jaso duenez, Antoni Plasencia (Bartzelonako ISGlobal Institutua), Maria Jose Sierra Moros (CCAES zentroa), Artur Rocha (INESC TEC Portugalgo institutua) eta Salvador Peiro (FISABIO Valentziako fundazioa) arduratu dira pandemia osteko agertokia deskribatzeaz. Aho batez erran dute azken bi urte eta erdietan izurritea sufritu arren «oraindik ez dela osasun publikoa aski finantzatzen eta hornitzen, araudia zaharkitua dagoela, datu bilketak motela izaten segitzen duela, inplikatutako eragile guztien arteko koordinazio falta traba dela eta komunikazioa aunitz hobetu behar dela».
Covidaren krisiak osasun sistema indartzeko beharra argi utzi du, baina pandemien lege bat al da horretarako tresna?
«Badira pandemiak ez diren larrialdiak», erantzun du CCAESeko zuzendariordeak. «Baditugu garatu gabeko lege garrantzitsuak. Funtsezkoena sistema nola sendotuko dugun pentsatzea da».
Sierra doktorearen ustez, «hagitz erraza da pandemien lege bat behar dugula erratea, baina zertarako?». Bere iritziz, badira hori baino lehenago heldu beharreko eztabaidak, baliabideak gehitzea eta administrazioen arteko koordinazioa hobetzea kasu.
Infodemia eta eskua sartzea
Bi urte eta erdi hauetan ongi eta gaizki eginak errepasatzean, bi gauza kritikatu dituzte bereziki: infodemia eta politikariek eskua sartzea.
«Komunikazioa hobetu behar da: herritarrak ez badira arriskuaz jabetzen, zaila izanen da ongi erantzutea. Estrategia eta ikuspegi berriak pentsatu behar dira», aldarrikatu du Sierrak.
Errepikatzeko arriskua
Txanponaren bertze aldean, koronabirusak epidemiologoei zerbaitetarako balio izan badie, ikusgarriago izateko eta funts gehixeago lortzeko izan da –aski ez izan arren–. Osasun sistemek txertoak sortu, ekoitzi eta jartzeko erakutsi duten gaitasun handia ere alderdi positiboen artean nabarmendu dute adituek. Alde txarra ere izan du, ordea, herrialdeen arteko ezberdintasuna.
Edozein kasutan, gertatu den guztiak balio izan ote du etorriko diren osasun mehatxuei hobeki erantzuteko?
Plasenciak duela bi hamarkada baino lehenagotik datozen abisuak oroitu ditu: «Covid-19a entsegu bat baizik ez da izan: datozen epidemia eta pandemiak maizago gertatuko dira, planetako edozein tokitatik, eta azkarrago zabalduko dira, kalte handiagoa eginen diote ekonomiari eta covid-19ak baino jende gehiago hilko dute».
Eta hala eta guztiz ere, «erantzun zatikatuak eta mantsoak ematen ditugu eta ez gara prestatzen halako egoera larriak edo larriagoak errepika ez daitezen», penatu da.