NAIZ

Idi-bihotza, Tuterako itsusia... Iruñean tokiko tomatea izan da izar nagusia

«Tomate zahar, lokal eta ekologikoaren VII. Azoka» ospatu da Iruñean, antzinako barietateen itxurak eta zaporeak erakutsiz, eta nekazari txikien lanaren garrantzia aitortuz eta babestuz.

Irudian, azokan ikusgai egon diren tomate barieetateko batzuk.
Irudian, azokan ikusgai egon diren tomate barieetateko batzuk. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Urte osoan zehar baina batez ere uda aldean Euskal Herriko mahai gehienetan huts egin ezin duen baratzeko fruitua izar nagusia izan da Iruñean ospatu den azokan, tokiko baratzetako fuituaren formak eta zaporeak erakutsiz.

EKOmerkatuan izan da hitzordua, aurten itzuli den ‘Tomate zahar, lokal eta ekologikoaren VII. Azoka’ren barruan.

Caparrosoko El Puente Viejok, Arbeizako Mikel Antonak eta Iruñeko Elkarkidek hainbat tomate mota erakutsi dituzte azokan.

Zapore, testura, kolore eta itxura ezberdinekin,  besteak beste Idi-bihotza, Aranzadiko arrosa, Tomate itsusia, Udarea, Krimeako Rosa beltza edota Andine Corpus bezalako barietateak dastatzeko aukera izan dute bisitariek.

Izan ere, antzinako tomate barietateak (ez hibridoak) erakustea eta nekazari txikien lana aitortzea eta babestea dira hitzorduaren helburu nagusiak. Aukera paregabea, bestalde, ezagutza berreskuratu, biodibertsitatea sustatu eta kalitatea organoleptiko handieneko tomateak lortzen duten ekoizleen lanaren zabalpenerako.

Gogoratu dute antolatzaileek tomate horien «betiko eta benetako» zaporearen magia nekazaritza ereduan dagoela: «Barietate horiek ez dira hautespen genetikoaren eta hazkuntza-teknika modernoen emaitza, baizik eta antzinako tomateen zapore, kolore eta propietate berak dituzte».

Tomatea protagonista nagusia izan da baina beste elikagai batzuk erosteko aukera ere izan da azokan: Sakanako, Lizarraldeko eta Baztango gaztak, Lizarraldeko olio eta garagardoak, Izurzuko eztia, Faltzesko sagarrak eta baratxuriak, Imotzeko arrautzak, gazta eta esnekiak, Beriaingo pasta, Munarrizko patatak eta lekaleak, Erriberako sasoiko barazkiak eta udare ekologikoak, besteak beste.

Haziak eta lehiaketa

Tomateari eta baratzeko produktuei dedikatutako azoka batean herritar askorentzako ongi etorriak izaten ohi diren haziak ere egon dira Iruñeako horretan.

Izan ere, Nafarroako hazien Sareak bere tokia izan du hitzorduan eta barietate interesgarrienak kontserbatzen ikasteko eta baratze partikularretan landatzeko erakustaldiak egin ditu.

Gasterea eta Gazteluleku elkarteak antolatuta, Antzinako tomatearen VI. Lehiaketa ere ospatu du. Parte hartzaileek hiru lagin aurkeztu ahal dituzte gehienez, eta lagin bakoizteko bi tomate.

Baratze bertikaleko tailerra eta lanboprnatzarako aholkuak eskaini dira azokaren barruan.

Azokarekin tomatearekin lotutako beste hitzordu bat iragarri dute antolatzaileek, aurten itzuli den EKOtopaketan, Kabo jatetxeko Áaron ortiz sukaldariak plater bat prestatuko du tomatearekin, sandiarekin eta pesto ekologikoarekin.