NAIZ
Iruñea

Indarkeria matxista egotzita, hiru gizonezko atxilotu dituzte Tuteran eta Oñatin

Poliziak Tuteran bi gizonezko atxilotu zituen larunbatean, indarkeria matxista kasu bana leporatuta. Erasotzaileetako bat bere emaztea eta alabaren aurka oldartu zen; beste kasuan, biktimak zauriak zituen gorputzeko atal ezberdinetan. Oñatin 36 urteko gizon bat atxilotu dute.

Eraso matxista bana egotzita, bi gizonezko atxilotuak izan dira Tuteran.
Eraso matxista bana egotzita, bi gizonezko atxilotuak izan dira Tuteran. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Tuterako poliziak igande honetan jakinarazi duenez, bezperan bi gizonezko atxilotuak izan ziren Erriberako hiriburuan indarkeria matxista kasu bana leporatuta. Gertaerek, zabaldutako informazioaren arabera, antzekotasun handiak dituzte, izan ere biak ala biak jazo dira etxebizitzaren barruan eta erasoak jakinarazteko modua berbera izan da.

Goizean, SOS Navarra zerbitzuak ohartarazi zuenez, indarkeria matxistaren zantzuak zituen erasoa jazotzen ari zen aipatu herrian. Antza, etxe partikular batean gizonezko bat haren emaztearen eta alabaren aurka oldartu zen. Abixua jaso bezain pronto polizia bertaratu egin zen eta testigantzak jaso ondoren, gizonezkoa atxilotua izan zen.

Indarkeria matxista egotzita eraman zuten agenteek erasotzailea komisaldegira bertan deklarazioa jasotzeko.

Bigarren kasuaren berri modu berean izan zuen Tuterako poliziak, goizaldean. SOS Navarrak jakinarazi zuenez, Tuterako etxebizitza batean gizonezko bat emakume bat fisikoki erasotzen ari zen. Behin etxebizitzara hurbilduta, agenteek egiaztatu ahal izan zuten biktimak zauriak zituela gorputzeko atal ezberdinetan.

Emakumea erizain etxera eraman zuten lesioak sendatu ahal izateko, erasotzailea atxilotua izan zen bitartean.

Bestetik, Ertzaintzak 36 urteko gizon bat atxilotu du igande honetan Oñatin, bikotekideari eraso egiteagatik. Biktima osasun zentro batera eraman dute.