Nagore Belastegi

Garaiak lausoak direnean sortzen diren gogoetarako aukerak

Itxialdian idatzitako testu asko jasotzen ditu Jose Luis Otamendiren ‘Landura’ poema-liburuak, baina horrek ez du esan nahi pandemiaren inguruan soilik mintzatzen denik. Izan ere, egun bizi dugun egoera nahasiaz aritzen da, gizartearengan izan dituen ondorioez eta norbanako bezala jasotzen dugunaz.

Jose Luis Otamendik liburu berria Donostian aurkeztu du.
Jose Luis Otamendik liburu berria Donostian aurkeztu du. (Iñigo URIZ | FOKU)

Pandemia, gerrak, krisi ekonomikoa... azken urteak etorkizuneko historia liburuak hornitzeko hainbat gertaera ematen ari dizkigu, baina gizartean eragina izaten ari dira horiek. Giroan lurruna nabari du Jose Luis Otamendi poetak. Uste du lausoa dagoela dena, eta esanahi hori duen ‘Landura’ (Susa) izena jarri dio bere liburu berriari. Azaleko irudiak ere erreferentzia egiten dio sentimendu horri: eraikin bat ageri da, kanpoan sare bat duena, segurtasun faltsuaren sentsazioa iradokitzen duena. «Bizi dugun garaia ez da batere segurua, hain justu kontrakoa, nahasmena nagusi da», kontatu digu.

Nahasmen hori irudikatzeko moduan bere poema-bildumak ez du atalik, baizik eta 47 testuak bata bestearen atzetik kokatu ditu. Kontraz, nolabaiteko orden bat badago irakurtzen ari garenean. «Nitasun intimo batetik abiatuz, bizi naizen garaiaren gogoeta egitera etortzen naiz. Objektuek, makinek, espazioek eta paisaiek garrantzia dute, eta horiek gerturatu eta humanizateko ahalegina egin dut», esan du idazleak.

Itxialdian idatzitako testuak asko dira baina inondik ere ez da pandemiaren inguruko liburu bat. Testuingurua hori da baina ez bere muina. Egoera desberdinen aurrean norbera bakantzearen arriskuen inguruan aritzea izan du helburu.

Errepikatzen diren gaiak

Gai nagusi batzuk ere nabari dira, nahiz eta Otamendik ez dituen sailkatu. Alde batetik, garai baten amaiera eta beste baten hasieraren arteko trantsizioa aipatzen da; mundu zahar baten amiltzea eta hasi berri baten lehen pausoen artean noraezean sentitzen den gizarte bat deskribatzen du. Bestetik, beldurra eta ziurtasun eza zabaltzen direnean barrurako dugun joera ere testu batzuen gaia dira. Poetarentzat oskol batean sartu ohi gara, eta horrek klaustrofobia sortzen du, baina baita agorafobia ere, kontraesana dirudien arren.

Aurreko lanetan eta aspalditik konstante bat izan den beste gai bat ukitzen da: alderdi pertsonala eta kolektiboa uztartzeko zailtasunak. Eta azkenik, kontzientzia hartzearen garrantzia ere aipatu du Otamendik, «denboran zehar galtzen joan garenaren kontzientzia», alegia. Ondo esaten baita batek ez dakiela zer zuen hura galtzen duen arte. Aurretik genuenak balioa irabaziko balu bezala galtzen dugunean.

Bizi dugun egoeraren, eta testuetan iradokitzen denaren alderdi positiboa gauzak egiteko eta asmatzeko ematen dituen aukerak dira. Hala, Otamendik uste du une honetan garrantzitsua dela «elkartasuna eta hainbat borrokei eustea».

Bere aldetik, objektu poetiko bat egin nahi zuen gizarteari emateko. «Poeta banaiz eta poesia gai autoimmune bat bada, ahalik eta modurik zuzenean eta ederrenean eman nahi nion nire komunitateari», argitu du. Eta horrela sortu zen ‘Landura’. 

Testu labur horietan pandemiaz ere hitz egiten du, baina baita ere «ikusten ditugun mundu mailako gatazken arriskua, bortxa matxistaren igoera, joera autoritarioak eta sekurokratak, ekonomiaren norabidea...». Guzti horrek ziurgabetasunera daramagu. «Badirudi gizarte bezala ez gaudela gure onenean; ikaratzera eta ihes egitera eramaten gaitu, eta besteengandik kezkatzera», aipatu du.

Azken gogoeta moduan, errealitatea pantailetan ikusteko joera aipatu du. «Sakelekoa izan, ordenagailua, tableta edo telebista. Ematen du errealitatea kristal baten beste aldetik ikusten dela bakarrik», azpimarratu du.