NAIZ

Barakaldoko auzotar eta ekologistek Lutxanako zuhaitz mozketa geldiarazi dute

Bizilagunak eta talde ekologistak Lutxana auzoko Serralta zonaldean mobilizatu dira 40 zuhaitzen mozketa geldiarazteko. Bertan, 600 etxebizitza pribatu eraiki nahi ditu enpresa batek. Momentuz, zuhaitz mozketa geldiaraztea lortu dute.

Lutxana auzoko zuhaitz mozketa geldiarazi dute ekologistek.
Lutxana auzoko zuhaitz mozketa geldiarazi dute ekologistek. (Ekologistak Martxan)

Barakaldoko bizilagunek eta talde ekologistek Lutxanako (Barakaldo) Serralta zumarkaleko 40 zuhaitzen mozketa geldiaraztea lortu dute asteazken goiz honetan. Bertan, 600 etxebizitza pribatu eraikitzeko planak daude eta kolektiboek mozketa hori geldiarazteko asmoz ekintza hau antolatu dute eta ‘Zuhaitz mozketarik ez!’ leloa zuen pankarta erakutsi dute protesta moduan.

Goizean goizetik, udaltzainek eta Ertzaintzak zaintza dispositibo indartsu bat abiarazi dute, eta pertsona bat identifikatu dute protestarien artean. Auzotarrak eta ekologistak aurka agertu arren, makineria eta langileak sartu dira, poliziak lagunduta, aleak mozteko. Auzotar eta ekologistek jakinarazi dutenez, Amaia del Campo alkatearekin eta Juan Antonio Pizarro Hirigintzako Kudeaketa eta Diziplina zinegotziarekin harremanetan jarri dira, eta haiekin hitz egin ahal izan dute. «Dakigun bakarra da pilota elkarri pasatzen diotela, erantzukizunik hartu gabe», salatu dute.

Azkenik, eta Udalaren aginduz, mozketa geldiarazi egin dute, eta kolektibo ekologistek jakinarazi dutenez, gaixo zeuden bi ale baino ez dituzte moztu, gainerako zuhaitzak salbu mantenduko diren bitartean. «Alkatearekin biltzeko eskatu dugu, eta udaletxera gindoazela, zuhaitzen mozketa geldiarazten zutela jakinarazi digute», azaldu dute ekologistek.

Uztailaren 27an hasi zen afera, bizilagunek auzoko kolektiboak eta mugimendu ekologistak ohartarazi zituztenean zenbait ale moztu zituztela. Talde ekologistetako ordezkariak barrura sartu ziren eta mozketa geldiarazi zuten, 3 zuhaitz kendu zituztenean, zinegotzi arduradun baten presentzia eskatuz. Azken orduan, Natura Ingurunearen eta Iraunkortasunaren zinegotzia, Alba Delgado, bertaratu zen, eta konpromisoa hartu zuen Hitzarmen Batzordearen bilera-deia egiten saiatzeko, konponbidea bilatzeko.

Irailaren hasieran, zehazki, hilaren 7tik 9ra bitartean, higiezinen operazioaren sustatzaileek zuhaiztia kentzea programatu zutela jakin ondoren, sustatzaileak Poliziaren babesa eskatu zuen; izan ere, aurreko mozketa saiakerak (uztailaren amaieran eta abuztuan) oztopatu egin zituzten dozenaka pertsonaren protestek.