NAIZ
Iruñea

0-3 Plataforma: «Hainbat eskolatan greba hasi genuenean baino okerrago hasi dugu ikasturtea»

0-3 Plataformak elkarretaratze bat deitu du gaur arratsalderako nafar Parlamentuaren aurrean, eta uste du kontseilariak iragarritako neurriak 2023ko irailetik aurrera aplikatuko liratekeela. «Ez dago bermerik, eta, gainera, tartean hauteskundeak daude».

0-3 Plataformaren elkarretaratze bat Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
0-3 Plataformaren elkarretaratze bat Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ikasturte berriarekin batera, Nafarroako haur eskoletako langileek protestak abiatu dituzte berriz ere. Ekainaren amaieran iragarri zuten aurreko ikasturteko azken bi hilabeteetan gauzatutako greba bertan behera utziko zutela, baina aldarrikapenei eutsiko zietela. Gaur, ildo horretatik, elkarretaratzea deitu dute 17:00etan nafar Parlamentuaren atarian.

0-3 Plataformako Eider Gardek jakinarazi dionez, «hainbat eskolatan greba hasi genuenean baino baldintza okerragoak» topatu dituzte ikasturte hasiera honetan. Asteazken honetan plataformak nafar Gobernuko Hezkuntza Sailarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioakin egindako bileran mahai gainean jarri dute egoera hau. «Honen inguruan hitz egin nahi izan dugunean ez zegoela gai ordenean eta ez zela hitz egingo esan zaigu».

«Aldi berean aurrekontuen informazioaren inguruan galdetu genuen, nola dagoen 0-3 aurrekontuen proiektua eta ez dagoela eginda esan zitzaigun», gehitu du.

Nafar Gobernuak iragarritako neurriak prentsa bidez jakin zituztela ere kritikatu du. «Haien helburua 2023ko irailetik aurrera ezartzea da eta horretarako bermeak behar dira, baina ez dago aurrekonturik oraindik eta gainera hauteskundeak daude. Beraz neurri horiek ez dute inolako bermerik», nabarmendu du.

Era berean lantalde paralelo batean parte hartzea eskaini zitzaiela baieztatu du, baina baldintzarik ez dagoela. «Federazioko ordezkariak, 0-3 Hezkuntzako zerbitzuko ordezkariak, Gobernuko haur eskoletako zuzendaritzak eta Plataformak hartuko lukete parte eta bertan 0-3aren alderdi pedagogikoetaz lan egiteko asmoa dago. Historikoki egin dugun aldarrikapen bat da baina ulertzen dugu egungo egoera dela-eta ez direla baldintza minimoak ematen. Eskatzen ari garena, langileen bikoizketarekin, zuzenean eragina dauka alderdi pedagokikarekin», adierazi du.

Bestalde, «Navarra Sumak aurkeztu zuen lege-proposamenaren inguruan PSNk izan duen immobilismoa ere ez dugu ulertzen, hilabete honetan hasiko baita bere izapide parlamentarioa», gaineratu du. Plataforman, esan duenez, «uste dugu lege bat dela alderdi honetan bermatzaileena, eta, jakina, zuzenketak proposatuko dizkiogula Navarra Sumak aurkezten duen lege honi, gure nahietara ahalik eta gehien hurbiltzeko».