NAIZ

Krisia herritarrek ez ordaintzeko sektore publikoa indartzea «ezinbesteko» jo du EH Bilduk

Egun bizi dugu krisiari aurre egiteko energia sektoreetan esku hartzea, zerga politikan aberastasuna banatzeko politikak lehenestea eta etxebizitza, osasuna, hezkuntza eta zaintza alorretan berehalako konponbideak planteatzeko beharra aldarrikatu du EH Bilduk Iruña Okan.

Eva Lopez de Arroyabe, Añanako ehbilgunearen inaugurazioan.
Eva Lopez de Arroyabe, Añanako ehbilgunearen inaugurazioan. (EH BILDU)

Arabako EH Bilduk ikasturte politikoari hasiera eman dio larunbat honetan Iruña Okan, Añana eskualdeko lehen «ehbilgunea» inauguratuta. Bertan izan da Eva Lopez de Arroyabe Arabako ahaldun nagusi izateko koalizioaren hautagaia, eta bertan adierazi du datozen hilabeteetako erronkak izando direla egun bizi dugu krisi eta atzeraldi ekonomikoari aurre egitea, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea eta energia eta klima larrialdia saihestea.

Nabarmendu duenez, uda aurretik atzemandako arazoak areagotu egin dira; horren adibidetzat aipatu ditu inflazioa, energiaren prezioen etengabeko igoera, zerbitzu publikoen «degradazioa bereziki osasungintzan eta hezkuntzan» eta klima aldaketaren ondorioak (bero olatuak, suteak edota uraren gabezia).

EH Bilduren iritziz, herritarrek «ezin dute krisi hau ordaindu» eta horregatik «pertsonen babesa eta ongizatea indartu behar dira». Ildo horretan, Lopez de Arroyabek «ezinbestekotzat» jo du neurriak hartzea «zerga politikan aberastasuna banatzeko politikak lehenetsiz, energia sektoreetan esku hartuz eta etxebizitza, osasuna, hezkuntza eta zaintza politiketan urgentziazko soluzioak planteatuz».

Horrekin batera, naturaren babesaren eta krisi klimatikoaren inguruko itun berrituaren beharra azpimarratu du. «Berriro ere ibilbide adostu baten beharra aldarrikatzen dugu, energia sektore publikoa sortuz, gure energia subiranotasuna sendotuko duten politika publikoak eginez», adierazi du.