NAIZ

44 urteko langile bat hil da, Iturenen jazotako eroriko baten ondorioz

Iturenen larunbatean izandako lan istripu baten ondorioz 44 urteko langile bat hil da igande honetan, sindikatuek jakitera eman dutenez. 57 langile hil dira Euskal Herrian 2022an lan istripuz dagoeneko.

Lan istripuen jarioak ez du etenik Euskal Herrian.
Lan istripuen jarioak ez du etenik Euskal Herrian. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Larunbatean altueretatik eroritako 44 urteko langilea hil da igandean, zauri larrien ondorioz, astelehen honetan jakinarazi dutenez. LAB sindikatuak azaldu duenez, Iturengo etxe bateko horman toldo bat jartzen ari zen langile autonomoa, eta baimendutako altuera bikoiztuz eskuko eskilara bat erabiliaz ari zelarik erorita gertatu zen ezbeharra.

«Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira», adierazi du sindikatu abertzaleak.

Izan ere, 57 langile hil dira Euskal Herrian 2022an lan istripuz dagoeneko, 14 Nafarroan. «Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo. Kasu honetan, gainera, langilea autonomoa izanda, lan osasuneko araudiak ez du babesten. Nola liteke autonomoek babes hori ez izatea? Zerk bultzatzen du langile bat beharrezkoak ez diren arriskuak hartu behar izatea, hauek ezagututa ere?», galdegin du LABek.

Horregatik, dei egin dio Nafarroako Gobernuari autonomoak ere babesteko beharrezkoak diren neurriak har ditzan eta lan osasuneko protokoloetan langile hauek ere barnebildu ditzan.

Era berean, UGTk salatu du langile baten bigarren heriotza dela astebetean. Aurrekoa Olaztin izan zen. «Kopuru kezkagarria da, erakundeek eta enpresek berek gaitz horrekin amaitzeko beharrezko prebentzio-neurri guztiak hartzen jarraitu behar dute».

ELAk ere salatu du gertatutakoa: «Datu ofizialek baieztatzen dute Nafarroan Laneko Arriskuen Prebentzioa ez dela egiten edo paperean geratzen dela. Enpresek lehentasuna ematen diote produkzioari arriskuak murrizteari baino, eta merkeagoa ateratzen zaie Legea ez betetzea, prestakuntzan, segurtasun prozeduretan eta babes ekipamenduetan inbertitzea baino». Horren aurrean, patronalari eta Nafarroako Gobernuari galdetu die «zer egingo duen».

ELAren iritziz, ezbehar tasa geldiaraztea «erantzukizun kontua izateaz gain, borondate kontua ere bada, eta, zoritxarrez, patronalak eta Gobernuak ez dute benetako borondaterik erakusten neurriak hartzeko eta egoera aldatzeko».

Horregatik, ELAk prekarietatearen eta lan ezbeharren aurrean «kontzientzia hartzeko eta mobilizatzeko» deia egin du.