Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Banku eta energia enpresen gaineko zergak ezartzeko lehen urratsa eman dute Madrilen

PSOEk eta Unidas Podemosek proposatutako energia-konpainia handien eta finantza-erakundeen «ezohiko irabazien» gaineko aldi baterako zerga berriak ezartzeko lehenengo urratsa eman dute astearte honetan Kongresu espainolean. Neurriek EAJ eta EH Bilduren baiezko kritikoa jaso dute.

Pablo Echenique, Unidas Podemoseko bozeramailea, astearte honetan Kongresu espainolean.
Pablo Echenique, Unidas Podemoseko bozeramailea, astearte honetan Kongresu espainolean. (Alejandro MARTÍNEZ VÉLEZ | EUROPA PRESS)

Kurtso politikoaren ohiko lehen osoko bilkura egin da astearte honetan Kongresu espainolean, banku eta energia enpresen aparteko zergen gaineko zergak eztabaidatzeko. PSOE eta Unidas Podemosek aurkeztatutako lege proposamenaren aintzat hartzearen aldeko botoa eman dute EAJ, EH Bildu, ERC, Coalición Canaria, BNG eta CUPek. Aldiz, PPk, Voxek eta Ciudadanosek ekimenaren aurka bozkatu dute. 

Hala ere, euskal alderdien baiezkoa «kritikoa» izan da, eta zuzenketak eskatu dituzte zerga berri horiek Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako foru-ogasunek administra ditzaten. EH Bilduk, gainera, aldi baterako neurrien alde egitea aurpegiratu dio Sanchezi, eta egiturazko neurriak eskatu ditu.

Azken hamarkadetan mendebaldeko gobernuek gutxitan hartu dituzte horrelako neurriak, baina energiaren eta prezioen krisiak eragindako kostuek Europako Batzordea bultzatu dute ere erregai fosilen konpainien aparteko irabazien gaineko zerga bat edo konpainia elektrikoen diru-sarrerak mugatzeko neurriak proposatzera. Bruselako haizeak alde ditu Pedro Sanchezek, eta, horren jakitun, uztailean iragarri zituen kargak, kontuan hartuta aldi baterakoak izango direla, eta ez iraunkorrak, hainbat taldek eskatu bezala.

Proposamenak energia-enpresen diru-sarreren gaineko %1,2ko aparteko karga ezartzen du, 2023an eta 2024an indarrean egongo dena. Sanchezen Gobernuak aurreikusten du konpainia horien ezohiko etekinei aplikatutako zergetatik 2.000 milioi euro bilduko dituela urtero.

Zerga hori Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak «operadore nagusitzat» jotzen dituen elektrizitate-, gas- eta petrolio-enpresei aplikatuko zaie. Konpainia horiek, gainera, 1.000 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan behar dituzte urtean.

Halaber, ekimenak %4,8ko karga berri bat ezarriko die bankuei, 2022ko eta 2023ko urteetan komisio eta interes garbietan lortutako marjinaren gainean eta kontuan hartuta joan den ostegunean Europako Banku Zentralaren interes-tasen igoera historikoa, 0,75 puntukoa, bankuei mesede egin diela. Karga berri horrekin, hala eta guztiz ere, Exekutiboak urtero 1.500 milioi euro biltzea bilatuko du.

Enpresek zergaren kostua bezeroei helarazteko aukerari dagokionez, Gobernuak erabiltzaileari helarazten zaion zenbatekoaren %150eko zehapena ezarri du proposamenean.

EAJ eta EH Bildu: zergen alde baina proposamen desberdinekin

PSOEk eta Unidas Podemosek Kongresuan aurkeztutako lege-proposamena ondare-prestazio publiko ez-tributarioa da, eta ez da, zehazki, zerga bat. Eragin bera izango du enpresengan, baina Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ogasunen kontroletik kanpo geratuko da.

Zentzu horretan, EAJ eta EH Bilduk ekimena izapidetzen hastearen alde agertu dira, baina zuzenketak eskatuko dituzte zerga berri horiek Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako foru ogasunek administra ditzaten.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramailearen ustez, zergak «norabide onean emandako urratsa» dira, baina «eskumenen errespetu eskasa» kritikatu du, baita Gobernu espainolak «gure ogasunak saihesteko» lege-proposamena bezalako figura bat erabiltzea ere, eta ez dekretua. «Espero dugu akats horiek zuzentzea eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako foru-ogasunen esku geratzea. Hala ez bada, ezin dugu aldeko botoa ziurtatu», adierazi du.

Bankari eta energia enpresei eman nahi zaizkien prestazio berriak Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta Nafarroako Foru Komunitatearekin adostu ezean, PSOEk eta Unidas Podemosek gaur aurkeztu duten ekimenak ez du EAJ-PNVren baiezkoa jasoko, azpimarratu du Idoia Sagastizabal EAJko kideak.

Eztabaida hasi baino lehen, Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Estebanek azpimarratu du «harrigarri» egin zaiola prestazioa negozioen kopuruaren arabera erabakitzea, enpresek izan dituzten aparteko mozkinen gainean egin beharrean. EAJren beste zalantza da prestazio hau hiritarrei egotziko ote zaien eta aplikatzeko orduan atzeraeraginarekin egingo ote den.

Izan ere, EH Bildu eta EAJ alde agertu diren arren, ñabardurak daude bi jarreren artean. EAJ mesfidati agertu da neurriekiko iragarri zirenetik, eta Iñigo Urkullu lehendakaria ere ulerkor agertu zen Josu Jon Imazekin, Repsoleko kontseilari delegatu eta EAJren aurreko presidenteak zergak gogor kritikatu ostean.

«Guztioi agerikoa iruditzen zaigu enpresa bakar bat ere ez dagoela zergak igotzearen alde. Denoi agerikoa iruditzen zaigu inor ez dagoela zergak besterik gabe igotzearen alde», esan zuen EAEko lehendakariak. Bai Nafarroak eta bai EAEk eskumenak dituzte zergen bidez enpresei egiten zaien presio fiskala handitzeko, baina Gobernuen aldetik ez da planteatu horrelako neurririk aztertzea.

EH Bilduren iritziz, ordea, neurriak ez dira nahikoak, eta, izatez, egiturazko bihurtzen ez diren bitartean, asea gaurko eta gosea biharko izango dira. Ildo horretan, Aizpuruak kritikatu du lehen seihilekoan enpresa elektrikek 11.000 milioi euro baino gehiagoko irabaziak lortu dituztela eta, beraz, zerga berezi horren bidez urtero 2.000 milioi biltzea «motz» gelditzen dela.

Gutxiegi da ere, EH Bilduko bozeramailearen arabera, 1.500 milioi biltzea bankuei ezarritako zergarekin, 2021ean horiek 20.000 milioi euro baino gehiago lortu zituenean eta interes-tasen igoeraren ondorioz irabaziak handitu egingo dituztenean. «Hori guztia bankuen erreskatean inoiz ordainduko ez dituzten 60.000 milioiak ahaztu gabe», gaineratu du.

Beraz, EH Bilduk eskatu du zerga iraunkorra izatea eta ez mugatzea 2023ko eta 2024ko aparteko onuretara, eta «egiturazko neurriak» eskatu ditu «eredu ekonomikoa errotik aldatzeko».

Kapitalaren kritikak eta EBeko beste herrialdeak

Imazen kritikez gain, bankuek eta elektrikoek gogor egin dute zerga berrien aurka. Iberdrolako presidente Ignacio Sánchez Galanek ez du zalantzarik izan Sanchezen Gobernua kritikatzeko, Exekutiboak bere ezohiko onuren aurkako kargaren bat proposatzen zuen bakoitzean. CEOEko presidente Antonio Garamendik, berriz, Holokausto naziaren aurkako poema ospetsu bat erabili zuen elektrizitateen igoera arbuiatzeko.

Hala ere, Europako hainbat herrialde energiaren prezioen igoeraren aurka hartzen ari diren neurriak dira. Italiak %25eko tasarekin zergapetzen ditu konpainia horiek lortutako aparteko mozkinak. Ogasunak 11.000 milioi euro inguru biltzea espero du zerga honekin, hasiera batean %10ean finkatu zena eta joan den maiatzean % 5era igotzea erabaki zena.

Britainia Handiak, bestalde, beste formatu zehatzago bati heldu dio, petrolioaren eta gasaren sektoreko enpresei buruzkoa. Maiatzaren 26an, Rishi Sunak Britainia Handiko Ekonomia ministroak aldi baterako %25eko zerga iragarri zuen petrolio-enpresen irabazien gainean. Eta Liz Truss egungo lehen ministroak 115.000 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu gasaren eta elektrizitatearen faktura izoztera.

Estatu frantsesean, orain arte iragarritako neurri bakarra EDF elektrikoa erabat nazionalizatzea izan da, eta Estatuak kapitalaren %80 baino gehiago du. Beste herrialde batzuk oldarkorragoak izan dira energia-konpainien aparteko irabaziekin, Errumaniaren kasuan bezala, %80ko karga aplikatu baitzien irabazi horiei, edo Greziaren gobernu kontserbadoreak %90eko kargua ezarri baitie diru-sarrera horiei.