Azkeneko ikasturtearen bukaeran Hezkuntza Ministerioak Baionan duen ikuskaritzaren egoitza okupatu zuten Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasle, guraso eta irakasleek. Are, ekimen horren karietara Polizia frantsesa Seaskako ordezkariekin aurka oldartu zen.
Lau egunez luzatu zen protesta horren ondotik Brebet azterketa euskaraz idatziko zuten ikasleei azterketen zuzenketa bermatzeko engaimendua hartu zuen Euskal Elkargoak.
Era berean, azterketa euskaraz idatzi zuten Seaskako ikasleei froga-agiria banatu zitzaien Euskal Elkargoaren egoitzan uztailaren 12an Baionan antolaturiko ekitaldi batean.
Titulu hori ofiziala ez izan arren, urrats sinbolikoa egin zuen Ipar Euskal Herriko erakundeak agiria ematerakoan, azkeneko urteotan Parisek azterketak euskaraz egiteari ezarritako oztopoak altxatzeko exijituz.
Euskal hautetsiek, berriz, Hezkuntza Ministerioan hitzordua hartu zuten irailaren 14rako. Euskal diputatu eta senatariekin batera Euskararen Erakunde Publikoaren presidente den Antton Curutcharry ere izanen da gaur, asteazken honetan, Parisen.
Bilkura aterabideak xerkatzeko orduan baliagarri izanen dela adierazi du Azterketak Euskaraz kolektiboak gaur plazaratu duen agiri baten bitartez.
«Ikasturtea indarberriturik abiatu dugu»
Iragan ikasturtean hainbat mobilizazio garatu zituen aipaturiko taldeak frantses Hezkuntza Ministerioak euskaraz ikasten duten ikasleen eskubideak errespetatu ditzala aldarrikatzeko.
«Ikasturte berri hau indarberriturik abiatu dugu, euskaraz ikasten duten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea azkenean lortuko dutelakoaren itxaropenarekin», azaldu du kolektiboak.
Taldeak azken urteotan azkartu den dinamika gogoan izan du. «Borroka azkartuz eta antolatuz, gure aldarrikapena euskal jendartearena dela frogatu dugu eta gaur egun Euskal Herriaren gehiengo batek argi du frantses Gobernuak bere hizkuntza politika diskriminatzailea aldatu behar duela», gaineratu du Azterketak Euskarazek, murgiltze ereduan jarduten duten iikasleen azterketak euskaraz «antolatzeko eta zuzentzeko» deia berretsiz.
Gaur Parisen iraganen den bilkurak «aterabideak eraginen dituela espero dugu, ezin dugulako besterik pentsatu», gehitu du, eta Pap Ndiaye, frantses Hezkuntza ministro berriaren kolaboratzaileekin duten hitzorduaren garrantzia azpimarratu du.
Edonola ere, hala ez balitz gertatuko beraien aldarrikapena lortu arte «tinko eta gogotsu» borrokatzen segituko luketela ohartarazi dute Azterketak Euskaraz kolektiboko kideek.
Hitzarmenari buruzko negoziaketa
Kaskarotenea ikastolaren egoitza berrian agerian jarri zuenez, «lurralde honetako gehiengo batek sostengatzen duen hizkuntza politikaren bozeramaile dira» Pariseko bilkuran parte hartuko duten hautetsiek.
Bilera gatazka bideratzeko baliogarria izanen dela konfidantza agertu eta azterketen afera Estatuarekin hitzarmena berritzeko prozedurarekin lotu zuen Jorajuriak.
Akordioak betetzeko direla oroitarazi ostean azterketen auzia argitu bitartean akordio berria izenpetzeko lanarekin jarraitzeko ez zuela zentzurik iradoki zuen Seaskako lehendakariak.