NAIZ

Daniel Cassany ikertzaileak eman dio hasiera EAEko euskaltegien ikasturte akademikoari

Daniel Cassany Comas Pompeu Fabra unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak eman dio hasiera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegien ikasturte akademikoari. Hizlariak gogoeta egin du klasea emateko arteaz, hizkuntzalari baten arabera.

Miramar Jauregian egindako ekitaldiaran argazkia.
Miramar Jauregian egindako ekitaldiaran argazkia. (IREKIA)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegien sareak hasiera eman dio ostiral honetan 2022-2023 ikasturteari Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldi batean.

Ekitaldiaren ardatz nagusia Daniel Cassany Comas Pompeu Fabra unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak eman duen hitzaldia izan da. Hizlariak gogoeta egin du klasea emateko arteaz hizkuntzalari baten arabera.

Miramarreko ekitaldian parte hartu dute, halaber, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Lakuako bozeramaileak, Jokin Azkue HABEko zuzendariak, Josemi Reguero euskaltegi pribatuen ordezkariak eta Joseba Urriz udal euskaltegien ordezkariak.

Matrikulazio kanpaina

Asteazkenean 2022-2023 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina aurkeztu zuten Donostiako Ilazki euskaltegian.

Bertan bildutakoek gogoratu zutenez,  Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 103 euskaltegi daude eta aurreko ikasturtean 33.185 ikaslek eman zuen izena euskaltegietan.

Matrikulazioaren doakotasuna sustatzen jarraitu nahi du Lakuak eta B2 mailara arteko doakotasunaz gain, C1 gainditzen duten 30 urtera arteko gazteek aukera izango dute matrikularen balioa berreskuratzeko.

Doakotasuna lortzeko beharrezkoa izango da maila horiek gainditzea. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 3,7 milioi euro bideratuko ditu doakotasuna sustatzera, aurreko ikasturtean baino 600.000 euro gehiago.

Guztira 39 udal euskaltegi eta 64 euskaltegi pribatu daude hiru herrialdeetan, eta ‘Euskara Musu-Truk’ lemapean egingo da aurtengo kanpaina.