«Klase sozialak daudenean botere harremanak beti daude, genero perspektiban bezalaxe»
Bere lehen film luzea du ‘Suro’ Mikel Gurrea donostiarrak eta Sail Ofizialeko lehian sartu da. Bikote harreman baten bilakaerari jarraitzen dio zuzendariak, kortxoaren kanpainak sortzen duen unibertsoari atxikita.
Badirudi filmak hasieran nahiko kontenplatiboa dirudiela, baina azpitik gai asko ateratzen dira metrajean zehar. Nire interpretazioak zuri helarazi aurretik, ziur asko okerrak izan direlako, jakin nahiko nuke zein izan den zure helburua film honekin.
Interesgarria da kontatzea nondik abiatu nintzen hasieran eta beharbada horrekin erantzungo dizut hobeto. 2010ean unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren geratu nintzen nora jo jakin gabe eta nire orduko bikotearen senideen bitartez lortu nuen uda batean kortxoaren kanpainan, basoan, langile moduan uda hartan lan egitea. Deskubritu nuen testuraz eta soinuz oso aberatsa den unibertso bat, niri oso ezezaguna egiten zitzaidana, eta oso erakargarria zena, eta eduki nituen sentsazio kontrajarriak. Lur jabe batzuen bitartez nindoan ni lanera baina ni ez nintzen lur jabea, katalanez hitz egiten dakit baina ez naiz katalana, lanen engranaje parte nintzen baina nire kasuan uda amaitutakoan banindoan eta ez zen haien kasuan bezala, ogibide bat.
Bisualki eta soinu aldetik oso aberatsa zen unibertso hori eta sentsazio horiek elkartuta neuzkan nere memorian eta pentsatu nuen egunen batetan horri buruzko film luze bat idatziko nuela. Urteak pasa ziren, Londresera joan nintzen bizitzera eta 32-33 urte neuzkanean, pentsatu nuenean nire lehen film luzea idaztea, jada nengoen bikote harreman luze batetan eta geunden elkarri unibertsalak diren galdera horiek egiten: non bizi nahi dugu? Haurrak izan nahi ditugu? Nola bizi nahi dugu? Ze irudi daukagu gurekiko? Irudi horren arabera bizi gaitezke bai ala ez?
Horrela hasi nintzen Suro idazten eta horrela idatzi nuen Helena eta Ivanen historia, erabateko fikzio bat sortzeko. Ez da film autobiografikoa eta bertan gertatzen diren eszenak ez ditut bizi izan, baina funtsa edo jatorria hori da.
Hortik irekitzen edo zabaltzen diren gaiak batzuk izan daitezke konszienteak, bestak atera egiten dira. Bikote baten bizitza proiekzioa lantzen duen film bat sortzen duzunean normala da hortik ateratzea gai desberdinak. Azkenean, nola bizi garen galdera egiten du. Edo, beharbada, galdera gehiago egiten dizkio erantzunak eman baino. Zure galderari zuzenago erantzuteko, nire nahia edo helburua izan da galderak plazaratzea gero ikusleak erabaki dezan, ea oihartzunik eragiten dion, ados dagoen edo kontra dagoen. Okerren jasoko nukeena indiferentzia litzateke.
Niri iritsi zaidanaren arabera filma ikusi ondoren, iruditu zait gizaldi honek dituen erronka nagusienetako batzuk ere islatzen direla. Izan daiteke aldaketa klimatikoa, kapitalismoa, immigrazioa, baita heteropatriarkatuaren zantzu batzuk bikote harremanean…
Bikote kasu honetan heteronormatibo bat lantzen duzunean, lur jabetza, jabetza pribatua, landa eremu esplotazioak kudeatzeko ezaugarriak lantzen dituzunean, diskurtso jakin bat fortzatu gabe filmari, hori guztia atera egiten da eta hor dago. FIlmak duen bilakaera ikusita, ikusten da ez direla pertsonaiak zoriontsu egiten dituen ezaugarriak. Nik ez daukat asmo didaktikorik. Zuk esandakoarekin bat nator. Zer ondorioztatzen den hortik, nik ez diot ikusleari forzatu nahi, nahiago dut elkarrizketa bat zabaldu. Nire esfera intimoan horiek guztiak nabigatzen ditut egunero, hain zuzen gizarte honetan bizi naizelako, eta zuk esan bezala, ditugun erronka horiek guztiak gutxienez ezbaian jartzea hori bai iruditzen zait abiapuntu bezala baduela filmak hori guztia.
Botere harremanen isla bat ere izan daiteke?
Bai, jakina. Klase sozialak beti daude jokoan edozein historiatan eta kasu honetan oso era nabarmenean. Beharbada Helenak eta Ivanek ezberdin bizi dute ze klaseren parte diren. Klase sozialak daudenean botere harremanak beti daude, genero perspektiban gertatzen den bezalaxe.
Estrato sozialak agertzen dira, baina geruza pertsonalak hor daude. Momentu batzuetan ikusten da zoriontasun eza, bata bestearekiko amorrua edo gorrotoa, beldurra… Oso oinarrizko sentimenduak baina agerian geratzen direnak.
Gatazka intimoak eta gatazka sozialak ez daude hain urruti. Emozionala eta politikoa, emozionala eta soziala elkarrekin daude. Filmean zer datorren lehenago ez dakit esaten, baina hor dagoela argi dago.
Filma dokufikzio bat dela esan daiteke?
Erabateko fikzio bezala ikusten dut nik, asmoa horrela izan delako.
Filmaren bukaeran, sutea dator, eta bikotearen azken hitzak dira: Eta zer egingo dugu orain? Eta erantzuna da: Etxea defendatu. Esaldi oso pisutsu batekin amaitzen da lana, batez ere euskal literaturan Gabriel Arestiri egindako keinu bat izan daitekeelako. Ez dakit hori izan duzun buruan.
Gustatzen zait puntu horretara iristen garenean nola gertatu diren bortizkeriak, eztandak… eta esaldi hori esaten denean norberak interpreta dezake benetan defendatzeko zerbait ote dagoen eta merezi duen defendatzea, ala ez ote den zama bat. Esaldiak itxi egiten du filma, baina ikusle bakoitzak erabakiko du ze sentsaziorik geratzen den. Nik uste Arestik bazeukala zentzu politiko eta poetiko positiboago bat.
Iaz ‘Heltzear’ film laburrarekin izan zinen Venezian eta aurten Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da zure lehen film luzea. Nola sentitzen zara?
Sentitzen naiz hunkituta, urduri, pozik, txoratzen… eta oraindik ezin sinetsi erabat. Oso berezia da, ze azkenean nire lehen film luzea da eta Donostiako Zinemaldia ez da edonolako Zinemaldi bat. Erakusleiho handi bat da filmarentzat eta bestalde, intimoki niretzat, Zinemaldia txikitatik bizi izan dut eta Donostian izateak baimentzen du ez bakarrik arlo profesionala egotea filmaren estreinaldiak, baizik eta baita arlo intimoa, familia, lagunak… Azkenean horiek sostengatzen naute ni eta haiekin ospatu ahal izatea oso berezia da.