Hamazazpi urte ditu Lucasek eta bizimodu zoriontsua darama –ustez– bere adineko gazteek daukaten antzeko bizimodu batekin. Barnetegi batean bizi da, lehen harreman sexualak bizi ditu eta ohiko gorabeherak ditu bere egunerokoan. Ordura arte bizi izandako mundu hori bat-batean galduko du, ordea, bere aitaren ustekabeko heriotzarekin.
Christophe Honorek errelato intimo bat dakar ‘Le Lycéen’ filmean, hain zuzen bere bizipen pertsonaletik oso gertu baitago. Hamabost urte zituela galdu zuen aita zuzendari frantziarrak eta modu irekian adierazi izan du bere homosexualitatea, Lucasen oso antzera. «Nahi nuen filmaren forma nerabe batena izatea; filma modu heldugabe batean kontatzea, lirismo batekin, zalantzekin. Nahi nuen filma bere burua aurkitzen joatea eta ez heldu bat izatea, baizik gazte baten filma izatea», nabarmendu du Honorek prentsaurrean.
Paul Kircher gaztea jarri da Lucasen azalean, paper exigentea oso, aita galdu berri, noraezera doan gaztea baita protagonista. «Egunero eszena desberdinak egiten genituen, egunetik egunera filma osatuz joan ginen eta sormen prozesuarekin jarraitzen genuen egunero. Baziren eszena batzuk zailagoak baina ez dakit zehazten zein», ohartarazi du.
Suizidioaren eta gaixotasun mentalen gaiari ere heltzen dio ‘Le Lycéen’ lanak. «Bizi dugun aldiak, covidarekin eta abar, ahuldu egin ditu gazteak. Pertsonak oso hauskor bihurtu ditu. Filma horren oihartzuna dela uste dut. Lucasen erretratuaren bitartez argazki bat egiten da nola gazte horiek kolpatu egiten duten munduarekin, mundua haientzat hotza da. Erretiro sentipen bat badago, baita uko bat ere gazte horien aldetik», gaineratu du zuzendariak.
Horiekin guztiekin batera dago, halaber, Quentin anaia (Vincent Lacoste), heriotzaren aurrean bizi diren herritik Parisera joateko hautua egiten duena, dolua familiatik urrun bizitzeko. Eta bi anaien helduleku nagusia, ama, Juliette Binochek interpretatua. Bart gauean Donostia Saria jaso ondoren, prentsaren aurreran izan da gaur filmaren aurkezpenean. «Uste dugu denok bizi ditugula doluak. Gure burua proiektatzen dugu egoera horietan. Egia da semeen presentziarekin biderkatu egiten dela oinazea. Ama horrek ezkutatu egin behar du bere mina. Norberak bere emozioak eutsi behar dituenean ez azaleratzeko nolabait gain indar bat sortzen da. Senarra gazte galdu duten emakumeen kasuan egunero umeekin bizitzea ez dut imajinatu ere egin nahi ze gogorra izango den. Nik ez ditut emozioak fabrikatzen, haiek probokatu egiten naute ni. Christophek nahi izan du oso egoera pertsonal batez hitz egin eta horrek erantzukizuna areagotu egiten du nigan».