Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioko film sorpresa ‘Blonde’ izango da, Marilyn Monroe izarraren bizitza publiko zein pribatuari buruzko pelikula. Joyce Carol Oates idazlearen izen bereko eleberriak artista estatubatuarrari buruz emadako erretratua eraman du pantaila handira Andrew Dominik zuzendariak. Ana de Armas aktore kubatar-espainiarra da protagonista, Hollywoodeko ikonoaren ispilu.
Filmaren emanaldia irailaren 24an (larunbata) izango da Victoria Eugenia Antzokian, 19.00etan, eta Ana de Armas eta Andrew Dominik bertaratuko dira aurkeztera.
Plan B Entertainment ekoiztetxeko Dede Gardnerrek, Jeremy Kleinerrek eta Brad Pittek ekoitzia, ‘Blonde’, Veneziako Mostran lehiatu berri dena, Andrew Dominiken –‘The Assassination of Jesse James by the Coward Ford’, ‘Killing them Softly’ eta ‘This Much I Know To Be True’ filmen errealizadorea– lan berria da.
Marilyn Monroe izarraren erretratu hau Joyce Carol Oates idazlearen izen bereko kontakizunean oinarrituta dago, eta aktore estatubatuar mitikoaren nortasun publikoaren eta pribatuaren arteko banaketan sakontzen du. Hain zuzen, Monroeren haurtzaro ezengonkorretik hasi eta mundu mailako izar bihurtu zen arteko kontakizunaren emaitza erakusten du.