Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Alberto Gastesi
Zine zuzendaria

«Gauzak erraz joan dira, zinema nola egin oso naturalki atera zait»

‘Gelditasuna ekaitzean’ lehen luzemetraia dakar Zinemaldira Alberto Gastesik. Oso gazte zenetik sentitutako ametsa bete du donostiarrak.

Alberto Gastesi, Donostian.
Alberto Gastesi, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Pozik dago Alberto Gastesi ‘Gelditasuna ekaitzean’ lehen filmak Euskal Zinemaren Galan argia ikusiko duelako. «Amarekin txikitatik joan izan naiz galara, berak Aktoreen Batasunean lan egin izan duelako, beraz ilusioa egiten dit», kontatu dio Alberto Gastesik NAIZi. 

«13 urtekin hasi nintzen laburmetraiak egiten eta jada gogo asfixiantea neukan nire intentzioak luzemetraia batean mahai gainean jartzeko. Zentzu horretan barrutik ateratzeko beharra sentitzen nuen», aitortu du.

«Alexek eta biok ‘Singular’ izeneko proiektua geneukan eta suposatzen zen hura izango zela nire debuta baina duela urtebete proiektu pertsonalagoa egiteko aukera sortu zen, Donostian filmatzekoa, eta salto egin genuen», kontatu du.

30 urte inguruko belaunaldia da protagonista. «Belaunaldi baten erretratu bezala funtzionatzen du filmak. Elkarrekin partekatutako ametsak gauzatu ezina sentitzen dute. 2008ko krisialdian lanean hasteko garaia genuen eta dena apurtu zuen eta orain covidak eragindakoa etorri da. Etorkizuna ez da ezer finkoa, likido bihurtu da. Kasik ematen du ez dutela ezer nahi. Eta bakarrik sentitzen dira».

Bi zatitan filmatu dute. Lehena hasieran, oraina gero. «Lehenengoa filmatu ondoren bukatu dugu gidoia eta denbora tartea izateak asko lagundu dio proiektuari. Baldintza asko izan ditugu eta azkenean horrela gertatu da».

Loreto Mauleonek du filmean pisurik handiena –bere lehen protagonista lana da–, Iñigo Gastesirekin –Albertoren anaia– batera.

«Kamera aurrean zein atzean dagoen taldeak –aktoreak, arte zuzendaria…– betidanik egin du nirekin lan. Kasik beste laburmetraia bat egitea bezala izan da. Ez da zailagoa izan, ez dut presio berezirik sentitu».

Detaile txikiena ere mimoz lantzeko aukera izan du. «Lagunartean, familian, sentitu naiz eta nik uste giro hori arnasten dela filmean», dio.

Gauzak garbi zituen filmaketari ekin aurretik. «Horrek asko erraztu du lana, gauzak kontatzeko moduan eta zuzentzeko ikuspuntutik –planoak nola egin, kamera nola mugitu, aktoreen zuzendaritza…–. Gauzak erraz joan dira, zinema nola egin oso naturalki atera zait».

«Abentura espiritua»

«Nahiago izan dut zein film egiten ari ginen argi ez izan, ideiak aldez aurretik oso finkatuta ez izan. Eta horrela eskatu diet taldekideei ere, filmaketak abentura espiritu handiago izan zezan. Gure ekoiztetxearekin egin dugunez posible izan da. Ekoiztetxe handiago batekin ezinezkoa izango zen», aitortu du.

Vidania Films da enpresa. Alejandra Arrospide bikotekidearekin sortu zuen eta bertan ari dira lanean azken urteotan. Madrilen urteetan bizi ondoren Euskal Herrira itzuli ziren. Publizitate esparruan eta landu dituzte proiektuak. «Bizitzeko egindako lana izan da, gure asmoa zinematik bizitzea da», adierazi du.

Proiektu honek asko izan du jolasetik, esperimentutik. «Urtebete honetan asko aldatu da gidoia. Inprobisaziotik sortutako elkarrizketak ere sartu ditut gidoian. Berridazketa asko egin dugu Alex eta biok ia filmaketaren bezperara arte. Jarrera irekia baduzu aurkikuntza ugari egin ditzazkezu».

Sugerentziaz betetako lana da. «Filmak esanahi asko ditu eta sinbolismoari garrantzi handia ematen diot. Ez dago gehiago esan beharrik, ezta gutxiago ere», esan du. Eszena batzuetan ez da askorik azaltzen, baina badira elkarrizketa luzeak eta zuzenak dituen eszenak ere. Tono diferenteekin jolastu dugu. Une batzuetan suspentsearen kodeak erabili ditut, eta besteetan askoz tono naturalistagoa da. Eta oso gustura nago hori lortu izanaz. Bada elkarte gastronomiko batean egindako eszena eta bertan agertzen direnak ez dira aktoreak, lagunak baizik. Guk lagunartean izan ohi ditugun elkarrizketak hortxe daude».

Zuri-beltzean egindako lana da. Atmosfera eta estetika berezia ematen dio. «Ezin zuen bestela izan, horrela irudikatzen nuen nire buruan hasieratik. Pertsonaien erretratuen filma da, aurpegiena, enkuadreena, geometriena, argi-ilunena…», argitu du.

Hizkuntzari dagokionean, euskara eta gazteleraz filmatu dute. Intuizioari lotuta etorri dira. «Bi kontuak izan dira intuitiboak, ez dira erabakiak ere izan. Gure belaunaldiaren, Donostiaren, erretratua da eta bi hizkuntzak modu horretan bizi ditugu. Modu horretan nabaritzen dut nik behintzat kalea».

Estreinaldi emanaldiaren zain, egin nahi zuena eginaren satisfakzioarekin eta lasaitasunarekin geratzen da Gastesi.