NAIZ

Oier Alkorta azpeitiarra izango da palako Kutxabank Ligako berrikuntza nagusia

Atzelaria Esteban Gaubekarekin ariko da eta Maldonado argentinarrarentzat ere lehen liga izango da Ibai Perezekin jokatuko duena. Denera bost bikote ariko dira eta finala abenduaren 24an jokatuko da Bizkaia pilotalekuan.

Oier Alkorta azpeitiarrak ilusio handiz ekingo dio txapelketari.
Oier Alkorta azpeitiarrak ilusio handiz ekingo dio txapelketari. (INNPALA)

Eskuz azken urteetako erreferentziarik nagusiena bilatu da Azpeitiko harrobia ez baitituzte alperrik hainbat Herriarteko irabazi eta ez baitago profesionaletan hiru ordezkari dituen herririk. Baina bada palaz aritzen denik ere eta horren adibide da Oier Alkorta, Innpalarekin fitxatu eta ostiralean hasiko den Kutxabank Ligako berrikuntzarik handiena dena. 

Pasa den udaberrian afizionatu bezala Bizkaia Openean jokatu eta gero, atzelari ezkertiar gazte honek Innpala enpresarekin fitxatu eta Azpeitiko lehen palista profesionala izango da eta punta-puntako aurrelari bat, Esteban Gaubeka, izango du lagun ostiralean hasiko den Kutxabank Ligan. Romoan Maldonado argentinarrarentzat ere lehen Liga izango da 2022ko hau eta aurrelaria Ibai Perez sestaoarrekin arituko da abenduaren 24ra arte luzatuko den txapelketan.

Bost bikote lehian

Denera bost bikote, hamar pilotari arituko dira gaur aurkeztu duten lehiaketan; aipatutako Gaubeka-Alkorta eta Maldonado-Ibai Perezez gain, Fusto-Gordon, Necol-Del Rio eta Ibarguren-Urrutia. Lehiaketa sistemari dagokionean, lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute bi itzulietako ligaxka batean eta lehen postuan amaitzen duen bikoteak zuzenean lortuko du finalerako txartela eta bigarren eta hirugarren postuan amaitzen dutenek finalerdi bat jokatu beharko dute, partida bakarrera. Finalerdi hori abenduaren 16an jokatuko da eta final berriz, Gabon egunez Bizkaia pilotalekuan. Gainontzeko partida ia denak ere Miribillako kantxan jokatuko dituzte, salbuespen batekin, ligaxkako bederatzigarren jardunaldiko partida Sopelan jokatuko baita.