Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Txema Areizaga, euskal zinemagintzaren habeak jarri zituen langile nekaezina

Txema Areizagaren itzala luzea da. Aintzindaria izan zen. Euskal zinemagintza hastapenean zen garaietan ipar orratza norabide egokian jarri zuen. 200 proiektutik gora izan zituen esku artean elektrikarien buru zela. Merezitako omenaldia jasoko du Zinemira Sariaren bidez astearte honetan.

Txema Areizaga.
Txema Areizaga. (NAIZ)

Euren izena askotan oharkabean pasatzen da. Ez dute zuzendariek eta aktoreek bezala fokurik gainean. Baina ezinbestekoak dira, euren lanik gabe ezin filmik egin. Teknikariez ari gara.

Zinemaldiak eta IBAIA elkarteak Zinemira Sariaren bitartez Txema Areizaga elektrikariaren figura gogoratu nahi dute aurten. «Oso kontent hartu dugu saria. Zinemaldiak aurten Txemari eskainiko dion errekonozimendua merezitakoa da eta beharrezkoa ere bai, nire ustez», nabarmendu du Ricardo Aranburu lankide eta lagunak.

«Pertsona oso garrantzitsua izan da Euskal Herriko zinemagintzan, orokorrean, ez bakarrik argi teknikari bezala. Euskal Herrian sail desberdinetan lanean ari diren teknikari guztien koordinazioan ere lan handia egin zuen», Aranbururen esanetan.

Iazko azaroan zendu zen Areizaga bihotzekoak jota. Eva Arrillaga bikotekideak jasoko du saria.

Donostian jaioa, Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan egin zituen ikasketak. Euskal Herrian filmatutako proiektu gehienetan elektrikarien ardura izan zuen. 1989an Antxon Ezeizaren ‘Ke arteko egunak’ filmean ekin zion bide profesionalari. Eta ondoren ez zuen etenik izan bere jardunak, bai zinemaren alorrean, bai telebistan. Azken lana ‘Irati’ izan zuen, Paul Urkijoren agindupean. Tartean, 200 film baino gehiagotan parte hartu zuen.

Proiektuak

‘Vacas’, ‘La ardilla roja’, ‘Maité’, ‘Lisboa’, ‘Carreteres secundarias’, ‘Lasa y Zabala’, ‘La buena vida’. ’Ocho apellidos vascos’, ‘Negociador’, ‘Amama’, ‘Loreak’, ‘Handia, ‘Nora’, edo ‘Errementari’ aipa daitezke bere proiektuen artean. Zerrenda luzea da.

Euskal zinemagintzaren habeak sendotzen ahalegin handia egin zuen. «Ibilbide luzea eta oparoa izan zuen, lan asko egin zuen. Irusoin ekoiztetxearen eta Ander Sistiaga ekoizpen zuzendariaren ondoan hasi zen bera. Asier Altuna eta Marian Fernandez ere figura inportanteak izan dira», dio.

Argilun Iluminacion enpresaren gerentea izan zen 1992tik Areizaga. Hauxe da sektoreko enpresa nagusiena. «Aitzindaria izan zen. Ehunik ez zegoen hemen eta bera hasi zen dena martxan jartzen bi argi txikirekin. Eta begira noraino ailegatu den Argilun», esan du.

Areizagaren heriotzaren ostean Argilun enpresak martxan jarraitzen du. Sektorean enpresa nagusienetakoa izaten jarraiten du. Aranburu ari zaie laguntza eskaintzen. «Lan asko dago plataformen sorrerarekin. ‘Balenciaga’ filma ari gara egiten orain Disney-rekin», kontatu du.

Eskuz esku

Makina bat ordu eman zituzten elkarrekin Aranburuk eta Areizagak, eskuz esku, grabaketetan. Baita handik kanpora ere. «1996an ezagutu genuen elkar, kasik anaiak ginen. Azken 25 urteotan egon diren ia ekoizpen denetan egon gara biok», kontatu dio Aranburuk NAIZi. Elektrikarien burua da –‘Gaffer’ izenez ezagutzen da lanbidean– eta 27 urte daramatza lanean. Madrilgo Zinema Akademiak Aranbururen lana errekonozitu zuen saria emanez. 

Areizaga ezagutu zutenek bere eskuzabaltasuna nabarmentzen dute, arlo profesionalean zein pertsonalean. Bere lanbidean posizioa lortu ostean hasi berriei eta garai zailak bizitzen ari zirenei laguntzeko orduan ez baitzuen zalantzarik egin. «Izkin denetan zegoen, oso izpiritu onarekin, eta ekoizpen denei laguntza eta jakinduria ematen jardun dugu ahal izan dugun neurrian», baieztatu du.

Hiru seme-alabaren aita zen. «Burua oso zentratuta zeukan eta sentsibilitate izugarria zuen; oso pertsona ona zen», nabarmendu du Aranburuk.

Oso ondo baloratuak

Aktore eta zine zuzendarien artean euskal teknikarien lana oso baloratua da. Horretaz galdetuta, hala berretsi du Aranburuk. Jordanian harrapatu dugu telefonoaz bestaldean, lanean. «Aitor Mantxola argazki zuzendariarekin ari naiz. Honaino ekarri gaituzte, beraz ez da gezurra entzun duzuna», dio.

«Gure izaeragatik izango da, zorroztasuna eta inplikazio handia eskaintzen dugu lanean. Eta zineman oso inportantea da milaka ordu eskaini behar baitizkiozu ofizioari. Bizitza hortxe utzi behar duzu kasik», adierazi du.

Balorazio ona medio, Mediapro eta Globomedia bezalako handien lan eskaintza jaso zuen. Baina hark garbi izan zuen etxean nahi zuela lan egin. Madriletik iritsitako eskaintzen aurrean tinko mantendu zen, euskal zinemagintzaren aldeko apustua eginez. «Sektorearekiko ardura sentitzen zuen ibilbide-orria zehazten jarraitzeko, bera hasieratik egon baitzen. Deiak etengabe jasotzen zituen kanpora joateko esanez baina ideiak oso garbi zituen, bertan egon nahi zuen eta gauzak gero eta hobeto egiten saiatu», kontatu du Aranburuk.

Areizagarekin batera, lan isilean aritzen diren kide guztiei ere eskerrona adieraziko die sektoreak. «Guretzako ere baldin bada errekonozimendua, oso pozik hartuko dugu. Familia gara, oso gertukoak gara denak», azpimarratu du.

Ioritz Apaolaza ere gogoan izango dute saria emateko ekiatldian. Iazko otsailean hil zen. «Ekoizpen alorrean egin zuen lana teknikari moduan. Oso maitea genuen», esan du Aranburuk.