UEUk 50. urteurrena ospatu du asteazken arratsaldean, etorkizunerako erronkei begira, Bilboko Kafe Antzokian. Erakundearen atzera begirakoa jasotzen duen bideoa eta Hiru Damatxo eta BIRA produkzioarekin batera egindako spot berria ere aurkeztu ditu ekitaldian.
Kepa Sarasola zuzendariak aipatu du urteurren hau baliatzen ari direla UEUren proiektu kolektiboa aberasteko, baita geroaz hausnartzeko ere: «Gure ibilbideaz harro gaude. Euskara unibertsitatean modu naturalean erabiltzeko akuilu izan da, euskara teknikoa finkatzeko agentea eta euskarazko etengabeko formazioan erreferentzia. Baina ez gara konformatzen; ametsak gauzatzen jarraituko dugu, elkarlanean».
Ane Sarasuak, UEUko Idazkari Nagusiak erronketako batzuk zeintzuk diren azaldu du. Hala nola, euskarazko online unibertsitatea sortzea; euskarazko ikerketa sustatzea; euskarazko produkzio zientifikoa emendatzea eta etengabeko euskarazko formazioa lehenestea, «baina horretarako ezagutza, sarea eta ilusioa badugun arren; aitortza eta baliabideak ere behar ditugu». UEU erakunde «bizia eta dinamikoa» dela nabarmendu du
Jokin Bildarratz EAEko Hezkuntza sailburuak UEUk emandako pausoak aipatu ditu: «Ikasketak, formazioa, ikerketa, zabalkunde zientifikoa, gogoeta bultzatzen du (...). Ekarpen oso garrantzitsua egin du euskarazko unibertsitate prestakuntza duala bultzatuz irakasleen hasierako prestakuntzaren esparruan, GOI zentroaren bidez».
Gainera, hezkuntzaren garrantziaz mintzatu da: «Herri honen etorkizuna hezkuntzatik etorriko da batik bat».
Hitzaldi nagusia Joseba Sarrionandiak eman du, unibertsitateaz eta UEUri buruz duen iritziaz. UEUren lehenengo urteetan egon zen. «Orain, unibertsitatea gauza normaltzat jotzen dugu, baina lehen jende askok ez zuten unibertsitatera sartzeko ahalmenik: langileak, emakumeak, euskaldunak... apurka-apurka joan gara bertan lekua hartzen. Gure gizartea konplexua da eta unibertsitateek behar dituzte alter egoak ez konformatzeko dagoenarekin», esan du idazleak.
Jarraian, Pilar Kaltzada kazetari eta UEUko bazkideak UEUrekin lotzen diren hiru belaunaldi desberdinetako ikertzaileak elkarrizketatu ditu: Arturo Elosegi, Rakel Gamito eta Maite Luengo. Haien ibilbide profesional zein pertsonalean UEUk eman dien arnasgunea azpimarratu dute, baita etorkizunera begira euskara eta akademiaren arteko lotura Euskal Herri osoan bermatzeko duen konpromisoa ere.
Bilboko ospakizun ekitaldia Xabier Amuriza bertsolariak idatzitako eta Oskorrik musikatutako ‘Euskal Unibertsitatearen koplak’ abestuz bukatu da. Amurizarekin batera, Nerea Zuloaga, Ainhoa Markinez eta Jose Ramon Arbe UEUren Musika saileko kideak aritu dira kantuan.