Luis De Filippis zuzendariak jasoko du Gehitu elkarteak banatzen duen XXIII. Sebastiane saria ‘Something You Said Last Night’ filmarengatik. LGTBI kolektiboaren errealitatea, askatasunak eta gizarte aurrerapenak ondoen islatzen dituen pelikulari ematen zaio hau, A kategoriako zinema jaialdietako queer sari zaharrenetako bat.
Iaz Zinemaldiaren Urrezko Maskorraren irabazlea izan zen ‘Blue Moon’ pelikularen zuzendariak, Alina Grigorek, emango dio saria De Filippis-i ostiral honetan 19.30ean, Donostiako Altxerri Jazz & Tabernan.
Gehitu elkarteak sari hau banatzen duen 23. aldia da aurtengoa, Zinemaldiaren 70. urteurrenekoa. Aurten, Sebastiane sariaren aukeraketak ia sail guztietako ekoizpenak izan ditu lehian: Sail Ofizialeko bi pelikula, New Directors-eko bat, Horizontes Latinos-eko lau, Made in Spain-eko hiru, Perlak ataleko bat eta Zinemaldiaren 70. edizioko Belodromoko proiekzioetako beste bat.
Kanadako Luis de Filippis zuzendariaren ‘Something You Said Last Night’ filma aukeratu du 2022an Gehitu elkarteko kideek eta LGTBI borrokan esperientzia luzedun pertsonek osatutako epaimahaiak, tartean, nazioarteko programatzaile eta ekoizle bana, Joâo Federici eta Hebe Tabachnik.
«Luis de Filippis zuzendariaren begirada intimo eta transgeneroak familia harreman gazi-gezen egunetik eguneko gorabeherak maitasunez eta aldi berean modu gordinean azaltzen ditu», adierazi du epaimahaiak.