Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Etxebizitza krisia geroari begirako gakoa bilakatu da

Aspaldiko kezka izanik ere, etxebizitzaren krisiak azkartze prozesua izan du pandemiaren testuinguruan Euskal Herrian. Zuberoak, Nafarroa Behereak eta Lapurdik osatzen duten eremuari dagokionez, hainbat berezitasun tartean direla, afera agendaren erdigunean kokatzeaz gain etorkizunerako gakoa bilakatzeko bidean da. 2017an sortu zenetik, bizitokiaren eta lurraren zaintzaren arteko oreka zailari aurrez aurre heldu zion Euskal Elkargoak. Geroztik, berdin laborantza politika berrirako ardatz hartuta zein etxebizitzaren eskubidea hizpide, hainbat deliberazio garrantzitsu hartu ditu erakundeak, adostasun zabalarekin, gainera.

Eskuduntzen mugak edo erakundeetako dinamikak beraiek lerroak ez mugitzeko ‘argudio’ gisara hartzea ohikoa izaten da, ordea, beste hainbat euskal administraziotan. Are, berriki hezkuntza edo kirol alorretan lorturiko oinarrizko akordio zabalak heldu aitzin, belarriak berotu zizkiguten lelo errepikakor horiekin. Gogoratu behar da, bestalde, EAJk muzin egin ziola 2015ean etxebizitza eskubidea bermatzeko xedez EH Bilduren eta PSEren arteko akordioari esker –eta UPyDren babesarekin– Legebiltzarrak onarturiko legeari.

Mahai gainean dugun erronkak, ordea, hor ere softwarea aldatzea ekar dezakete. Klima larrialdiaren eskutik espektatibak bezala aukerak guztiz murriztu daitezkeelako, denontzat. Laburbildurik, zentzu kolektiboaren galera sustatu zuten kudeatzaileek beraiek interesa izan dezakete, biziraupena jokoan delarik, arrakalak zabaltzea xede duen politika guztiz alboratu gabe azeleragailutik oina altxatzeko. Greenwashing edo zuriketa berdearen enegarren kapituluaren aurrean edo, alderantziz, bidea zuzentzeko hautu zentzudunen atarian gauden jakiteko aukera emango du energia berriztagarrien gainean zabaldu berri den eztabaida publikoak. Pepe Mujika uruguaitar presidente ohiaren hitzak gogoan –herri txikiek haustura gehiegi ezin dituztela jasan–, abaguneak bigarren aukera garaile ateratzeko erabateko konpromisoa hartzea eskatzen digulakoan nago.

Bidasoaren ipar ertzean, lurraldearen ustiapenak agerian utzi du baldintza zehatzetan, ez beti onenetan, jokatzeko beharra. Gauzak horrela, ezker eta eskuinaren lubakietan jarduteko larrialdia piztu ondoren, aritzeko premia nagusitu da. Bestela ezin da ulertu, esaterako, bizitoki turistikoen jabeen interesak defendatzen dituzten erakunde lotuneetan gertaturiko higadura. Iragan martxoaren 5ean etxebizitza turistikoen etengabeko garapena mugatzeko arau berria onartu zuen Euskal Elkargoak. Hautetsien %95ek babestu zuten aitzindaria den konpentsazio sistema indarrean jartzea. Hau da, plataformen bidez –gehienetan– etxebizitza turistiko bat eskaintzen duen jabeak urte osorako bertze bizitoki bat behar du alokairuan eskaini. Sistemaren bidez 11.000 etxebizitza erreskatatzea espero du euskal erakundeak.

Beraien interesak kaltetuak zirelakoan auzitara jo zuten multijabeek, baina hainbat zuzenketa egin ondoren, finean, jujeak arauari ezarritako etenaldia bertan behera gelditzea lortu du Euskal Elkargoak. Bertze urratsa: Estatuak euskal lurraldea neurri unitate bezala onartu du alokairuen iruzurraren aurkako politikak garatzeko orduan. Mutur ezberdinetatik tiraka, lurralde mailako dinamika indarturik atera da, eta arazo larri bat etorkizuna eraikitzeko gako berria bilakatu da. •