NAIZ

Bizikleta bide seguruak eskatu dituzte Donibane Lohizunen martxa batekin

Jean-François Irigoyen auzapezari zuzendu dira zonaldean bizikletaz ibiltzeko bide seguruak eraiki ditzan. Protesta Donibane Lohizune eta Ziburu lotzen dituen zubitik igaro da, non debekatuta dagoen bizikletan ibiltzea.

Donibane Lohizunen egindako bizikleta martxa.
Donibane Lohizunen egindako bizikleta martxa. (BIZIMUGI)

200 txirrindularik Donibane Lohizunen bizikletaz manifestatzeko Bizi elkartearen deiari erantzun diote. Helburua bizikleta bide seguru gehiago eskatzea zen, Jean-François Irigoyen auzapezari dei eginez. Azken hau Euskal Herri-Aturriko Mugikortasunen Sindikatuko lehendakaria da.

Besta giro aldarrikatzailearekin ibili dira txirrindulariak, bereziki geltokiaren parean den eta egun bizikleta bide segururik ez duen D810 errepidea hartuz. Bizikleta andana Charles de Gaulle zubian ere gelditu da (zubi honek Donibane Lohizune eta Ziburu lotzen ditu), argazki kolektibo bat hartzeko denbora.

Bidea ez da nolanahika hautatua izan. Bizik azaldu duenez, gaur egun bizikletari debekatua zaio. Horrela, Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseiluari zuzendu dira. «Duela aspaldi honek zubixka baten eraikitzea hitzemaiten digula, oinezkoek eta txirrindulariek, azkenean, Urdazuri erreka bakean zeharka dezaten, autoetatik urrun. Noiz hasiko dira lanak?», galdetu du Sabine Endarak Biziko bozeramaileak. Euskal kostaldean garraioa berotegi-efektuko gasen emisioen lehen erantzule dela, eta Ipar Euskal Herri osoan bigarrena, oroitarazi dute ere bai.
 
Manifestazioaren amaieran, Grégory Vieauxk Biziko bozeramaileak Jean-François Irigoyeni mezua helarazi dio: «Guk, Bizi elkarteak, adi jarraituko dugu Donibane Lohizunen egiazko bizikleta-plan bat plantan emana izan dadin. Eta ez dugu zalantzarik ukanen LOM legea (Ingurumen Kodearen L228-2 art.) betetzen ez duten errepideen antolaketak salatzeko».
 
Bizi elkarteak presioa egiten segituko du, ekintzak eta manifestaldiak biderkatuz emaitzak agertu arte. Herritarrak gonbidatzen ditu Ipar Euskal Herriko mugikortasuna defendatzeko Biziren Garraiobide Alternatiboen aldeko taldearekin batera, eta Hego Lapurdin bereziki aktiboa den Bizi Larrun taldearekin bat egitera.