Gutako askok asteburu honetan ekin diogu armairura jo eta bertan praka luzeak eta jertseak bertatik ateratzeari. Pilotarien uniformean ez da aldaketarik izaten apenas urtaroen arabera, baina jakina da udako ferietako partidek antza gutxi izaten dutela neguko txapelketakoekin. Batetik besterako trantsizio moduko bat izan da historikoki San Mateo feria, udako sasoia itxi eta negukoa irekitzen duena –aurten Masterseko azken txanpa geratzen da Lau eta Erdikoa hasi aurretik– baina Jokin Altuna eta Julen Martija izan dira arropekin asmatu dutenak, neguko partida bat jokatuz atera baitute aurrera Logroñoko feria, Jon Mariezkurrenak, jokatuta, aurten irabazi ez duen bakarra. Partida gogor eta luze batean 22-15 nagusitu dira Aspekoak eta torneoaz gain, jokalaririk onenaren saria etxera eraman du amezketarrak.
Hori bai, gaurkoak antza gutxi izan du astean zehar jokatutakoekin, udako pilotariari irabazteak neguko arropak janztera behartu ditu Binakako txapeldunak eta bi tanto baino ez ditu airez amaitu Altuna III.ak.
Hori bai, lehen tantotik, aurrelari amezketarra jokatzeko moduan zegoela ikusi dugu, hori bai, angeluak eta marrak bilatu beharrean, pilota bizi astinduz eta, ahal zuen gehienetan Erik Jaka lagunari hanketara jokatuz. Hala lortu dute Aspekoek lehen aldea markagailuan (1-5), baina Baikokoak ez zeuden barkatzeko eta partida ekartzea lortu dute. Aurreko egunetan baino deserosoago aritu den arren, pilotek oraindik distira zutenean, Jon Mariezkurrenak gehienean dominatu egin du Martija eta horik lortu dute partida seina berdintzea.
Neguko bikoteak
Azken Binakako txapelketan elkarrekin aritu ziren bi bikote aritu ziren elkarren aurka atzo Logroñon eta neguan gertatu zitzaien bezala, Baikokoek ez zuten bikote bezala behar bezala funtzionatu. Neguan arazorik nagusiena atzelari berriozartarraren eskuko minak izan baziren arazorik handienak, Logroñoko feria honetan Erik Jaka izan da bere atzelariaren nagusitasunari behar besteko etekina atera ez diona.
Eta gauzak horrela, partida luzatu den heinean, pilotak gastatuz joan ahala, Julen Martija izan da gora egin duena. Bi atzelari oso desberdinen arteko lehia izan da gaurkoa, esan genezake eguraldi beroa maite duenetakoa dela Mariezkurrena eta hotzarekin eta hezetasunarekin aritzen dela egokien Julen Martija. Pilotari lehiakorra da oso Etxeberrikoa, txapelketako partidetan bere onena ematen duen horietakoa eta atzokoa halaxe izan zen. Uda txar xamarra pasa badu ere, Martija ari da bere onera itzultzen, atzo oso ondo eutsi zion Mariezkurrenari eta, gainera, pilota baztertuz mina egiteko gai ere izan zen.
Gauzak horrela, partida orekatua joan zen lehen erdian, baina Jakak sakez egindako lehen eta azken tantoarekin lortutako 9-9koa izan da lehiako azken berdinketa. Aspekoak jokatzera etorri ziren partidan eroso sentitu baziren, Baikokoek, nolabait esateko, zerbait arinagoa espero zuten eta, pixkanaka-pixkanaka, pazientzia galduz joan ziren.
8-0eko partzial batekin partida erabat hautsi zutela zirudien 9-17 aurreratu zirenean, baina Jaka eta Mariezkurrenak ez zuten euren azken hitza esan nahi. Kantxara pilota arinago bat itzularaziz, berriozartarrak berriz ere atzean agintzea lortu zuen eta kasu honetan bai, Jakak errematean bikain asmatua, 15-19 gerturatzea lortu zuten.
Hurrengo tantoan, ordea, aukera-aukerako pilota bat jotzera joan zenean, Mariezkurrenak zerbait sentitu zuen eskuin bikian, pilota behera bota zuen eta harekin batera Logroñoko torneoan irabazle irteteko aukera.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka-Mariezkurrena: 15
Altuna III.a-Martija: 22
Pilotakadak: 691. Iraupena: 80,37 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-5, 2-5, 2-6, 6-6, 6-7, 7-7, 7-8, 8-8, 8-9, 9-9, 9-17, 10-17, 10-18, 11-18, 11-19, 15-19, 115-22. Sakeak: 1 Jakak eta 2 Altuna III.ak. Egindakoak: 5 Jakak, 4 Mariezkurrenak, 7 Altuna III.ak eta 2 Martijak. Galdutakoak: 5 Jakak, 7 Mariezkurrenak, 2 Altuna III.ak eta 3 Martijak. Gorabeherak: Sarrera polita Logroñoko Adarragan, betekadatik gertu. Lehen etenaldi luzean edari bat erori zitzaion norbaiti errebote aldean eta geldialdia luzatu zen.