NAIZ

EH Bilduk hezkuntza komunitatearen parte hartzea eskatu du Legearen eztabaidan

EH Bilduk etorkizuneko Hezkuntza Legearen lankentan hezkuntza komunitatea «modu aktiboan» parte hartu behar duela nabarmendu du astelehen honetan. Pello Otxandianok adierazi duenez, eztabaidak «ez du mugarik izan behar» eta, gainera, «parte hartzailea izan behar du».

Pello Otxandiano astelehen hontan Donostian egindako prentsaurrekoan.
Pello Otxandiano astelehen hontan Donostian egindako prentsaurrekoan. (EH BILDU)

Donostian egindako prentsaurrekoan, Pello Otxandianok, EH Bilduren mahai politikoaren izenean, Lakuak aurkeztutako lege-proiektuari buruzko lehen balorazioa egin nahi izan du astelehen honetan eta, nabarmendu duenez, hezkuntza eztabaidak «ez du mugarik izan behar» eta, gainera, «parte hartzailea izan behar du».

EH Bilduren arabera, epe luzera, Lege berriak «bokazio eraldatzaile izan behar du» eta baita «hezkuntza-sistema propio baten sorrerarako tresna» ere. «Ez da edozein lege, datorren 30 urteetara begira pentsatu eta diseinatu nahi dugun lege bat da, Hezkuntzari dagokiona gainera, funtsezko gaia edozein herriren garapen eta etorkizunerako», azpimarratu du Otxandianok.

Gogoratu duenez, «akordio historiko bat lortu zen lau alderdien parte hartzearekin, prozedura parlamentario ezohiko batekin, aitzindaria, parte hartzea bilatu zuena». Akordio politiko hori mahai gainean izanik, hezkuntza legearen eztabaida hau hezkuntza komunitatearekin batera ematea ezibestekoa dela nabarmendu du.

Hala ere, Otxandianok azaldu du EH Bilduk «ikastetxetako langile eta profesionalen egunerako kezka, arazo eta ikuspegien eta eztabaida honen artean dagoen kezka» deketatzen duela. «Hezkuntza komunitatearen oinarriak oso urrun ikusten ari dira eztabaida hau edo ez dago behar den konexio eta sintoniarik hezkuntza komunitatearen eta eztabaida honen artean. Aldaketa batzuk iristen ari dira eskoletara, baina profesional horiek ez dute eztabaida honen logika orokorra jaso, hori arazo bat da kaos sentsazio bat sortu dezakeelako, ezinegon bat», adierazo du, eta gaineratu du arrazoi horregatik «ezinbestekoa» dela hezkuntza komunitatea parte bilakatzea.

Eztabaida zabala eta emendakinak

EH Bilduren arabera, beraz, mugarik gabeko eztabaida bat izan behar da lehenik, «euskal hezkuntzaren etorkizunaren gaineko eztabaida bat» alegia. «Ezin gara automugatu eta eztabaida zabala izan behar da: zein da herri honentzat desio nahi dugun hezkuntza eredua? Zein da behar duen hezkuntza sistema eta beraz zein lege behar dugun horretarako?» nabarmendu du Otxandianok.

Bestalde, zehaztu du EH Bildu izango dela «bermea» hezkuntza akordioaren letra eta izpiritua legean jasota egon dadin. Zentzu horretan, Otxandianok aurreratu du koalizio subiranistak emendakin asko aurkeztuko dituela.