Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevue
Aitor Montes Lasarte
Familia medikua

«Inork ez ditu bere hizkuntza eskubideak borrokatuko heriotza aurrez aurre daukanean»

Eskaintza aktiboaren inguruko udako ikastaroa zuzendu berri du. Eskaintza aktiboa da, pazienteak eskatu beharrik gabe, osasungintzak euskara eskaintzea, kalitatezko zerbitzuaren ezinbesteko osagaia den neurrian.

Aitor Montes, Donostian egindako elkarrizketan.
Aitor Montes, Donostian egindako elkarrizketan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Kalitatezko osasungintzaren eta euskararen aldeko ekintzaile nekaezina da, garbi baitu biak elkarri lotuta daudela derrigorrean.

Zer behar dugu, mediku ona ala mediku euskalduna?

Hori aspaldi atzean utzi genuen, eztabaidatik kanpo utzi dugu jada. Beste esparru eta arlo batzuk lantzen ari gara. Kalitatea eta hizkuntza banaezinak dira, hori ez dago eztabaidatzerik. Baina egia da gizarte honetan oraindik indarrean daudela guztiz iraungita egon beharko luketen zenbait paradigma. Segun zer eremutara zoazen, zera entzun dezakezu: ‘niri bost medikua erdalduna edo euskalduna baldin bada, niri inporta zaidana mediku ona izatea da’. Baina gehienetan hori esaten duenak nahiago du bere hizkuntzan hitz egiten duen medikua. Ez dut uste erdaldun elebakar batek nahiago duenik AEBetatik etorri den, oso-oso ona den eta ingelesez hitz egiten duen mediku prestatua. Gehienek nahiago dute beren hizkuntzan hitz egiten duen medikua. Eta erdaldun elebakar horiek seguru nago nahiago dutela bertako medikua. Eta askotan, nahiz eta gazteleraz jakin, ez dute nahi medikua beltza, emakumea eta beltza edo hegoamerikarra izatea, adibidez. Nahiago dute espainiarra izatea eta gazteleraz jakitea.

Hor igartzen da nondik gatozen. Duela ez hainbeste alkatea, apaiza eta herriko medikua ziren herrian prestigioa zutenak eta errespetatuak zirenak.

Bai, eta oraindik igartzen da, herriko medikuek badaukagu gure itzala. Baina, kontrara, XIX. mende hasieran Gipuzkoako herri txikietan herriko medikua euskalduna izatea eskatzen zen, derrigorrez, herritarrak euskaldun elebakarrak zirelako. Itzal handia, botere handia, baina esanguratsua da nola gauden asimilatuta. Duela ehun eta berrogeita hamar urte mediku euskaldunak eskatzen genituen eta, orain, ez.

Zer-nolako garrantzia dauka osasun arreta zure hizkuntzan jasotzeak?

Erabatekoa. Medikuaren eta pazientearen artean harreman bat sortzen da eta konfiantzazkoa izan behar du. Eta hizkuntzak hori erraztu egiten du. Baina komunikatzeko erraztasuna ere kontuan izan behar da. Askotan zure minak, penak, barruko ondoezak, beldurrak azaltzeko hobeto moldatzen zara zure hizkuntzan. Ez da gaitasun kontua, baina bihotzetik edo erraietatik hitz egitean hobeto moldatzen zara zure hizkuntzan. Denok dakigu gazteleraz edo beste hizkuntza batzuetan nahiko ondo. Gai gara irakurtzeko, ikasteko... baina egoera batzuetan nahiago dugu euskaraz egin.

Eta bada beste kontu bat; identitatea ere badago jokoan. Hizkuntza ez da bakarrik komunikatzeko tresna bat. Hizkuntza pertsona da, norbanakoa eta komunitatea. Hizkuntzak egiten zaitu suediar, ingeles edo frantses, ez toki batean edo bestean jaio izanak. Pertsona bat pertsona bezala artatu nahi baduzu, bere testuinguru guztia kontuan hartu behar duzu. Ez da gauza bera emakume bat, gizon bat edo ez emakume ez gizon ez den pertsona bat artatzea. Ez da gauza bera haur bat edo adineko pertsona bat artatzea... goitik behera aldatzen da egoera. Hizkuntzarekin berdin gertatzen da. Ez da gauza bera euskalduna izatea edo erdalduna izatea. Profesional gisa, horri egokitu behar diozu zure jarduna. Hizkuntza pertsona horren parte gisa hartu behar duzu, parte banaezin gisa.

Mundu mailako adibideak badaude? Badaukagu nondik ikasi?

Eredu pila bat daude. Bitxia da duela gutxira arte hemen horren berri ez dugula jakin. Hor dago suediar gutxiengoa Finlandian edo Kanadako frankofonoak, aitzindariak direla esango nuke. Quebecen frankofonoak nagusi dira, baina Quebecetik kanpo milioi bat frantses hiztun bizi dira gutxiengoko egoeran. Toki askotan biztanleriaren %10etik behera dira, euskaldunak Tafallan bezala adibidez. Baina, hala ere, oso ondo antolatuta daude, erakunde propioak dituzte. Badaude ospitaleak arreta goitik behera frantsesez jasotzeko modua eskaintzen dutenak; unibertsitatean medikuntza eta erizaintza frantsesez ikasteko modua dago eta badira ikerketa lerroak bai lan hizkuntza eta bai gaia osasun arreta eta hizkuntza direnak. Oso aurreratuta daude eta hortik dator eskaintza aktiboaren eredua.

Beste adibide bat Gales da, gure oso antzekoa. Estaturik gabeko nazioa da, Erresuma Batuko autonomia estatutua daukate, gurea baino beranduagokoa. Baina gu baino askoz bizkorrago mugitu dira, osasun arreta galesez izan behar duen kontzientzia sakona daukatelako.

Eredu asko daude eta gaiaren inguruan asko ikertu da, AEBetan komunitate hispaniarrarekin adibidez. Gaia ikertu da eta asko argitaratu da horren inguruan, gehiena ingelesez eta frantsesez ere dezente, baina zoritxarrez hemen ez dago interesik edo ez gara enteratu.

Zer da eskaintza aktiboa?

Definizio desberdinak daude. Kanadako definizioari jarraituz, eskaintza aktiboa da osasun edo arreta soziosanitarioko zerbitzuen eskaintza erakundeen gainean jartzea. Hau da, ahuldade egoeran dagoen pazientea ez behartu inondik inora arreta bere hizkuntzan eskatu behar izatera. Pertsona hori larri dago, ahuldade egoeran, minez, beldurrez... ez dezagun behartu egoera horretan bere hizkuntza eskubideen alde borrokatzera, ez dauka horretarako ez botererik ez indarrik. Eskaintza aktiboak aurre hartzen dio egoera horri eta aldez aurretik eskaini egiten du arreta hizkuntza desberdinetan eta ikusgarri jartzen du eskaintza hori. Informazioa zabaldu egiten du eta pazientea adoretu.

Bi zutabe antzematen dira. Hizkuntza txiki eta zapaldu bateko herritarren kontzientzia indartu beharra, ahaldundu beharra, batetik.

Erabateko kultura aldaketa eskatzen du horrek eta ez da egun batetik bestera gertatzen; egun batetik bestera ez da aldatzen gizarte oso bat, ezta Osakidetza edo Osasunbidea bezalako erakunde erraldoiak ere. Eragile desberdinen arteko elkarlana, prestakuntza prozesua, kontzientziazio lana, ikerketak... behar dira horretarako. Ez da erraza. Gu horregatik hasi ginen argitalpen txikiak, iritzi artikuluak, udako ikastaroak, graduondokoak... bultzatzen. Asmoa litzateke gure atzetik datozenek honen gaineko ikerketak bultzatzea, lantaldeak sortzea, ikerketa lerroak garatzea, doktorego tesiak... ezagutza corpus bat eratzea. Eta, aldi berean, ikerketa horiek kontzientziazioa, aktibazioa eta jendearen adoretzea ekar dezatela.

Bigarren zutabea: erakundeak. Ezin da herritarren bizkar utzi erakundeek betetzen ez duten zuloa.

Erantzukizun guztia beti erakundeena da. Adibidez, pazientea ospitalera bihotzekoak jota baldin badator, ezin diogu ardura egotzi erretzailea delako edo ez delako zaindu. Jakina, bere osasunaren gaineko ardura badauka, baina behin erietxera etorri denean erakundearen ardura da ahalik eta erosoen egotea, proba diagnostikoak ahalik azkarren egitea, ondo artatua sentitzea eta maila goreneko kalitatezko arreta eta zerbitzuak eskaintzea. Hizkuntzarekin berdin. Hori guztia egin behar da pazientea kasik konturatu gabe euskara hutsean artatua izan dadin, bai ahozkoan eta bai idatzizkoan, normaltasunez eta naturaltasunez. Zoritxarrez, barneratuta daukagu normala dela euskaraz artatua ez izatea. Arreta soziosanitarioa gure bizitzaren parte garrantzitsua da, milaka eta milaka euskaldunen egunerokoaren parte da, eta normaltzat jotzen dugu gure hizkuntzan ez jasotzea.

Medikuarenera joaten zarenean egoera zaurgarrian egon ohi zara. Normala da pentsatzea ez dela hizkuntza eskubideez kezkatzen hasteko unea.

Larri zaude, estu, ikaratuta, askotan hiltzear edo hilko zarela pentsatuz... Nola epaitu edo zamatuko dugu pertsona hori? Inork ez ditu bere hizkuntza eskubideak borrokatuko heriotza aurrez aurre daukanean eta inori ezin zaio hori eskatu. Ardura beti profesionalena eta erakundeena izan behar da.

Eskaintza aktiboari begira, nola dago gure osasun sistema?

Guztiz ausazkoa dela esango nuke, zorte kontua. Ez dago inolako prestakuntzarik horren gainean, medikuntzako eta erizaintzako ikasketetan edo Osakidetzako etengabeko prestakuntzan hizkuntzarena ez dago jasota. Adibide esanguratsua da aurten onartu dela Osakidetzaren hirugarren euskara plana eta ez dutela publiko egin. Osakidetzako langileei ere ez zaigu jakinarazi hirugarren euskara plana argitaratu dela.

Beti uzten da profesionalen erantzukizunaren edo arduraren gainean. Horrez gain, gainontzeko guztia itxurakeria da. Osakidetzako zuzendaritza osoaren lan hizkuntza gaztelera da eta eroso daude horretan. Eskaintza aktiborik ez dago.

Duela egun batzuk komunikabideei mezu bat bidali zenien. Goiburua: Kokoteraino nago.

Kokoteraino nago ni eta langile guztiak. Badira urte batzuk gainbehera batean gaudela, maldan behera. Batetik, lan karga biderkatzen ari da, zaharkituta dagoen eta osasun behar handiak dituen gizarte batean bizi gara eta, bestetik, osasun sistema eraisten ari dira; gero eta profesional gutxiago daude. Lan karga gora doa eta profesionalak ez gara iristen. Eta gainera, gure lan baldintzak okertzen ari dira, gero eta pobreagoak gara. Pandemia garaian eskerrak eman zizkiguten kanpaina publiko batean, baina dirurik ordaindu ez eta lan karga murriztu ez. Duela hamar urte baino gehiago lan egiten dut, %60 gehiago, baina pobreagoa naiz eta txarrera egingo dugu.

Pazienteen aldetik, gero eta zailagoa izango da osasun arreta jasotzea. Gainera, gero eta berekoiagoak gara eta gizartea atomizatzen ari da. Esango nuke ez daukagula herririk, bakoitza berera dago.

Osasun publikoaren desagerpena aurreikusten duzu epe nahiko laburrean.

Asmo politiko garbia dago beste osasun eredu batzuk kopiatzeko; zoritxarrez, Ameriketako Estatu Batuetakoa eta, batez ere, Erresuma Batukoa. Erresuma Batuan osasun zerbitzu nazionala zuten, puntakoa mundu osoan. Margaret Thatcher hasi zen hori eraisten eta gero eta okerrago daude, lan baldintza oso petralak eta zerbitzua gero eta eskasagoa. Etorkizuna izango da, hezkuntzan bezala, osasun arreta zerbitzu pribatua ahal duenaren eskura eta gainontzekoentzat osasun zerbitzu publiko erdi eraitsia eta lehen arreta suntsitua.

Dagoeneko ikusten ari gara Eusko Jaurlaritza sare publiko-pribatuak bultzatzen ari dela, osasun arloko ikerketa enpresa pribatuak, ez guztion interesa zaintzen.

Badirudi gero eta zabalduago daudela aseguru pribatuak.

Pandemia baino lehenago EAEn aseguru pribatua zutenen batezbestekoa %28koa zen. Orain baliteke gehiago izatea pandemiaren ondorioz. Osasuna da guztion lehentasuna, denok bizi nahi dugu osasuntsu eta ondo, eta gure ingurukoen osasuna zaintzeko edozer egingo genuke. Horren inguruan negozio iturri indartsu bat dago, enpresari guztiek kontrolatu nahiko luketena: gure datu baseak. Jakin nahiko lukete zein dagoen gaixo eta zeintzuk diren gure osasun beharrak hor inbertitzeko eta pribatizatzeko.

AEBetan pribatizatuta dago dena, gurearen bikoitza gastatzen dute osasun arreta pribatuan baina 40 milioi pertsona daude osasun arretarik gabe. Hori da hemen gertatuko dena. Jendeak ez du sinisten, baina bost-hamar urte barru hasiko gara garbiago ikusten. Duela hamar urte mediku euskalduna eskatzen genuen, orain ordezko medikua eskatzen ari gara, laster osasun zentroan erizaina egotea eskatuko dugu eta geroago eskatuko dugu osasun etxea zabalik egotea. Eraisketa prozesu ikaragarria bizitzen ari gara.