NAIZ

Desanexioaren aldeko botoa eskatu die Usansolo Herriak Batzar Nagusietako taldeei

Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloren desanexioari buruzko akordio-proposamena bidali die Batzar Nagusiei, Gernikan egingo den datorren osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko. Usansolo Herriak (UH) hainbat ekitaldi antolatu ditu baiezkoaren alde.

Usansoloren aldeko desanexioaren aldeko mobilizazioa.
Usansoloren aldeko desanexioaren aldeko mobilizazioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Orain dela egun batzuk Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez adierazi zuen Usansoloren desanexioari buruzko akordio-proposamena bidali diela Batzar Nagusiei, Gernikan egingo den datorren osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko.

«Hala bada, desanexio prozesua laster batean amaituko da; ia 40 urtez borondate politiko barik eta bidean hamaika oztopo izan ostean, azkenean, usansolotarrok borroka luze honen emaitza ospatu ahal izango dugu», adierazi du Usansolo Herriak. Plataforma honek taldeen aldeko botoa espero du, «ez genukeelako inolaz ere ulertuko desanexioari Batzar Nagusietako alderdi politikoen ezetzik».

Hori dela eta, datozen egunotan batzartzea eskatu die Usansolo Herriak alderdiei, izan ere «kontuan hartzekoak» diren zenbait urrats azaldu nahi dizkie, besteak beste eremuko adituek egindako ikerketa txostenak eta aurtengo martxoan egindako kontsultaren emaitzak.

«Usansoloko biztanleek desanexioaren aldeko erabakia argi adierazi zutela, beste behin ere», nabarmendu du Usansolo Herriak, eta datozen eguneta hainbat ekitaldi izango direla iragarri du, «usansolotarrei amaieratik hurbil gaudela jakinarazteko eta desanexioa lortzeko bidean azken geltokia parez pare daukagula ikusarazteko asmoz».

Urriaren 1ean eta 15ean erakusketak antolatuko dituzte eta manifestazioak egingo dituzte «kaleak ilusioz girotzeko, Usansolo berdez janzteko eta gure aldarria inoiz baino ozenago entzunarazteko: Batzar Nagusiei eskatzeko desanexioari bai bozkatzeko. Prozesua amaitzear dagoelako eta ospatzeko ordua delako».