NAIZ

Gutxienez 83 pertsona hil dira Iranen, Mahsa Aminiren heriotzaren osteko protestetan

IranHuman Rights GKE-aren arabera, Mahsa Amini gaztearen heriotzaren ostean piztutako protestak herrialde osoan zabaldu dira, eta manifestariei egindako erasoen ondorioz 83 pertsona hil dira jada. «Milaka» pertsona atxilotzen ari dira, erakunde horren arabera.

Mahsa Aminiren heriotzaren aurrean protestak zabaldu dira mundu osoan zehar. Irudian, Istanbul.
Mahsa Aminiren heriotzaren aurrean protestak zabaldu dira mundu osoan zehar. Irudian, Istanbul. (Yasin AKGUL | AFP)

Duela bi aste Iranen hasi ziren protestetan gutxienez 83 pertsona hil direla adierazi du Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundeak (GKE).

Irango Estatuko telebistak duela bost egun adierazi zuen beraiek egindako zenbaketaren arabera 41 pertsona hil zirela protestetan. Irailaren 13an 22 urteko Mahsa Amini polizia-etxe batean atxilotuta zegoela hil ostean piztu ziren istiluak. Ustez, buruko zapia gaizki jarrita eramateagatik atxilotu zuten neska gaztea. Izan ere, pubertaroa igaro duten emakumeentzat derrigorrezkoa da Iraneko espazio publikoetan buruko zapia eramatea.

GKE honek lortutako informazioaren arabera, hamasei probintziatan egindako protestetan izan dira heriotzak: 26 Mazandaranen, 11 Gilanen, 11 Azerbaijan mendebaldean, 6 Kermanshah eta Kurdistanen, 5 Alborzen eta 4 Teheranen.

Iran Human Rights atxilotuak izan diren «milaka» manifestari eta ekintzaile zibilez ere mintzo da, eta salatu du Irango Gobernuan afiliatuta dauden webguneek bideoak partekatu dituztela mehatxupean eta torturapean lortutako aitorpen faltsuak erakutsiz.

Azken astean Interneterako sarbidea erabat eten da, eta Instagram, WhatsApp edo Signal bezalako atzerriko hainbat plataforma digital erori egin dira herrialdean, erakunde horren esanetan.

«Manifestarien aurka benetako munizioa erabiltzea nazioarteko krimena da, eta nazioarteko komunitateak krimen horiek saihestu eta gelditzeko betebeharra du», adierazi du Mahmood Amiry-Moghaddam erakundeko zuzendariak ohar batean.

Amiry-Moghaddamek manifestarien eskaerei babes «irmoa» ematea eta NBEk Irango erregimena erantzule egiteko mekanismoak aktibatzea eskatu du.

Iran Human Rights 2005ean sortu zen eta 2009tik Norvegian erregistratuta dago. Iran barruko eta kanpoko pertsonek osatzen dute, eta Estatu Batuetan, Kanadan, Japonian eta Europako hainbat herrialdetan ditu kideak.