Ireland’s Futurek "Together we can" lelopean antolatutako ekitaldian 5.000 pertsona inguru bildu ziren atzo Dublinen. Hegoaldeko alderdi politiko guztiek parte hartu zuten, baita iparraldeko Sinn Fein, SDLP eta berdeek ere. Han izan ziren ere AEB, Canada eta Australiako diasporako kideak eta herri mugimenduko eragile ezberdinetako kideak (LGTBI mugimendukoak, gaelikoaren aldekoak, Emakumeen Nazio Kontseilua, ekologistak etab.). Irlandako iparraldeko unionista batzuk maila pertsonalean parte hartu zuten.
SDLP eta laboristen liderrek eta Fianna Fail, Sinn Fein eta Fine Gael alderdietako ordezkariek mahaingurua egin zuten. Jarraian, Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministro ordeak eta Sinn Feineko buruzagi Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidenteak hitza hartu zuten. Ondoren, eragile sozialetako ordezkariek osatutako mahaingurua izan zen. Denek babestu zuten Irlandaren batasuna eta batze prozesuaren eta etorkizuneko Irlanda batuaren nolakotasunaren inguruan aritu ziren. Zenbait hitzartzeetan alderdi unionistek eta interkomunitarioa den Alliance Partyk parte ez hartzeko hartutako erabakia aipatua izan zen.
Ireland’s Future 2017an sortu zen irlaren etorkizunari buruzko eztabaida pizteko. Atzokoa gaurdaino antolatu duen ekimen garrantzitsuena izan zen. Ipar Irlandako azken erroldak erakutsi du azken ehun urteotan lehen aldiz katoliko gehiago daudela protestante baino eta horrek batasun erreferendumaren aldeko aldarrikapena indartu du. Bestalde, maiatzean Ipar Irlandan Sinn Feinek hauteskundeak irabazi ostean Mary Lou McDonald-ek batasun erreferendumak hurrengo hamar urteetan egingo zirela adierazi zuen.