NAIZ

Guggenheim Urdabairen bi aretoak elkartzeko trenbide loturen bideragarritasuna aztertuko dute

Trenbide lotura berri bat egiteko proposamena ari dira aztertzen Lakuako Gobernua eta Bizkaiko Foru Aldundia, Guggenheim museoak Urdaibain izango dituen bi aretoak elkartuko dituena.

 

Bilboko Guggenheim museoa, kanpoaldetik.
Bilboko Guggenheim museoa, kanpoaldetik. (Aritz Loiola | FOKU)

Guggenheim Urdaibai museoaren bi aretoak batuko dituen trenbide loturaren bideragarritasuna aztertzen ari dira Lakuako Gobernuko Garraio Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia. Lankidetza protokolo bat ikertzen ari dira trenbidea «garraio iraunkorreko formula gisa».

Bilbo-Bermeo linearen artean Muruetan geltoki bat jartzea da zehazki aztertzen ari direna. Protokoloak jasotzen duenez, Euskal Trenbide Sareak, Garraio Sailaren erakunde publikoak, Urdaibaiko museoen etorkizuneko bi egoitzak trenbidez lotzeko proiektu azterlan bat jarriko du abian. Azpiegiturari eta zerbitzuen diseinuari dagokionez ere jada martxan dago aurreproiektu bat.

Trenbide lotura egiteko Guggenheim Museoaren erakusketa gune berria ezarriko denaren inguruan jarri beharko litzateke Muruetako geltokia. Horri esker, trenbidea «garraiobide segurua, fidagarria, bolumen handietarako malgua, eraginkorragoa eta iraunkorragoa» izango litzateke aurkeztutako txostenaren arabera. Eta Bilboko Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzearen «bultzada potentzialaren» ondoriozko mugikortasuna kudeatzeko formula izango litzatekeela jasotzen du proiektuaren txostenak.

Protokoloak proiektuaren finantziazioaren inguruko aurreikuspena jasotzen du, Euskal Trenbide Sareak proiektua bideragarritzat jo eta Euskotrenekin batera lankidetza bultzatuz gero. Finantziazio akordio horri hitzarmen espezifikoak gehituko litzaizkioke: finantziazioa, antolakuntza eta ekintzen exekuzioa.