«Immigrazio irregularrean» ziharduen pertsona talde baten aurkako operazioa zabaldu zuen Guardia Zibilak Bizkaian astearte honetan, asteazkenean jakinarazi denez, eta oraingoz hiru atxiloketa eta miaketa egin dituzte hainbat udalerritan.
Ikerketako iturriek Efe agentziari jakinarazi diotenez, «Guardia Zibilak egiaztatu du taldea Estatu espainolera, Estatu frantsesera eta Erresuma Batura sartzen diren migratzaileen legez kanpoko zirkulazioa bultzatzen ari zela».
Astearte honetan abian jarritako sarekadaren ondorioz, bi pertsona atxilotu zituzten Santurtzin, eta datozen orduetan epailearen esku utziko dituzte.
Asteazken goizean beste atxiloketa bat egin dute Portugaleten, eta etxebizitza bat miatu dute udalerri horretan. Gainera, Guardia Zibila etxebizitza bat miatzen ari da Muskizen, egoera ahulean dauden pertsonentzako Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batek kudeatzen duen etxe batean, hain zuzen ere.
Operazioak irekita jarraitzen du eta atxiloketa eta miaketa gehiago ekar ditzake lurralde horretako beste udalerri batzuetan, betiere Guardia Zibilaren esanetan.
Aurretik beste bi atxiloketa burutu ziren Madrilen, usteko talde honi lotuta, eta gero etorri dira Ezkerraldean egindakoak.
Atxilotuak Bilboko La Salve koartelean direla zehaztu du Guardia Zibilak.