NAIZ

Enpresek sozietateen gaineko zergan gutxienez irabazien %25 ordain dezatela eskatu du ELAk

ELAk salatu du EAEn 2007tik sozietateen bilketa 1.170 milioitan jaitsi dela (900 milioi EAEn eta 270 milioi Nafarroan), baina lan errentek 2.100 milioi gehiago ordaindu dituzte. Sindikatuak salatu du Urkulluk fiskalitatean ez jarduteak «kapitalari baino ez diola mesede egiten».

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Mikel Noval Azterketa Bulegoko arduraduna-
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Mikel Noval Azterketa Bulegoko arduraduna- (ELA)

ELAk zerga erreforma eskatu du, enpresek sozietateen gaineko zergan gutxienez irabazien %25 ordain dezaten, «egungo egoera kritikoari aurre egin ahal izateko». Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Mikel Noval Azterketa Bulegoko arduradunak emandako prentsaurrekoan, Urkulluk fiskalitatean ez jarduteak «kapitalari baino ez diola mesede egiten» salatu dute.

«Urkullu eta ahaldun nagusiak Iberdrola eta Petronorren eta enpresa handien aliatu onenak dira; mozkin handiak izanik, ez dute ia ezer ordaintzen zergetan, eta uko egiten diote gizarte beharrei eta politika publikoen finantzaketari egiten dieten ekarpena handitzeari», adierazi du Lakuntzak.

Egungo egoerari aurre egiteko neurriak behar direla nabarmendu du. Bide horretan, ELAk soldaten, pentsioen eta gizarte prestazioen erosahalmena defendatu du. Gainera, trantsizio ekologiko eta energetikoa kontrol sozialarekin egiteko, zerbitzu publikoak indartu behar direla eta funts publikoen kopuru handiak bideratu behar direla azpimarratu du.

Horregatik, Lakuntzak uste du «inoiz baino premiazkoagoa dela zerga bidezko erreforma bat egitea, alde batetik, diru sarrera publikoak nabarmen handitzea ahalbidetuko du politika horiek gauzatu ahal izateko; eta, bestetik, kapitalek, ondareek eta enpresen irabaziek orain baino askoz gehiago ordaintzea ekarri beharko du».

Novalek gaineratu du «fiskalitatea sakoneko eztabaida dela gure gizarte eredua definitzeko, eta frogatu dela Hego Euskal Herrian dugun eredu fiskala oso bidegabea dela».

Besteak beste, 2007tik 2021era sozietateen gaineko zergaren bilketa 1.170 milioi euro jaitsi dela salatu du ELAk (900 EAEn eta 270 Nafarroan). Diru horrekin gizarte prestazioen bikoitza baino gehiago finantzatu ahal izango litzatekeela ohartarazi du.

«Enpresek beren irabazien %7,6 baino ez dute ordaintzen Sozietateen gaineko zergan. Horren presio fiskala (BPGren %1,5 EAEn eta %1,3 Nafarroan) Europaren atzean dago (batez beste, BPGaren %2,4). Europako batez bestekoarekin berdintzeko, 691 milioi gehiago bildu beharko lirateke EAEn eta 235 milioi gehiago Nafarroan», gaineratu du.

«Premiazko» zerga erreforma

Datuak ikusita, Novalek salatu du «Ogasunek diru gutxi eta modu okerrean biltzen dutela; beraz, diru gehiago eta hobeto bildu beharko litzateke. Gure agintariak kapitalarekin aliatuta daude: enpresa handiek ez dute zergarik ordaintzen, baina Gobernuari diru laguntzak eskatzen dizkiote etengabe, edo AHT bezalako alferrikako azpiegituretan milaka milioi xahutu».

Horregatik, iruzur fiskalaren aurkako borrokarekin batera, kapitalak ordaintzen dituen zergak nabarmen handitzea «beharrezkoa» dela uste du ELAk, eta «ezinbestekotzat» jo du premiazko zerga erreforma bat egitea puntu hauek kontuan harturik:

Sozietateen gaineko zergan, mozkinen gaineko % 25eko gutxieneko tasa efektiboa ezartzea; Diru sarrera eta errenta guztiek PFEZen tarifa orokorraren arabera ordaintzea; eta Ondarearen gaineko zerga bikoiztea eta zerga horri %1 eta %10 arteko errekargu espezifikoa ezartzea.