NAIZ

Pedro Sancristoval euskaltzain urgazle eta PPko Arabako Kultura diputatu ohia hil da

Pedro Sancristoval Murua euskaltzain urgazlea eta Ramon Rabaneraren Arabako Diputazioko Kultura diputatu ohia hil da, ostiral honetan jakitera eman denez. «Araban euskal kulturaren sustatzaile porrokatua» izan dela gogoratu du Akademiak.

Pedro Sancristóval.
Pedro Sancristóval. (EUSKALTZAINDIA)

Usurbilen jaio zen 1932ko abuztuaren 21ean Pedro Sancristoval Murua, eta Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Zaragozako Unibertsitatean.

Arabako Diputazioko funtzionarioa, Artearen Historiako irakasle eta kritikoa izan zen era berean.

Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua izan zen 1999tik 2003ra arte, Ramon Rabaneraren garaian, eta orduko hartan, euskaraz egin zuen karguaren zina. PPren Gobernuko parte izan zen independente gisa. Araban, euskal «kulturaren sustatzaile porrokatua» izan zela gogorazi du Euskaltzaindiak.

Artium Museoaren eta Gasteizko Jazz jaialdiaren sustatzaile eta sortzailea ere izan da, eta ospe handia izan du bere bizitza osoan artearen munduan, ez bakarrik Euskal Herrian. Gizon jantzia, noblezia-tituluduna, hizkuntza anitz mintzatzen zituen.

Euskaltzain urgazle izendatu zuen Akademiak 1979ko abenduaren 20an, eta Euskaltzaindiaren Ekonomia batzordean jardun zuen 1987tik 1989ra arte.