NAIZ

Hiru pertsona atxilotu dituzte Bortzirietan 94 marihuana landare landatzeagatik

94 marihuana landare izateagatik 24, 29 eta 41 urteko hiru lagun atxilotu ditu Foruzaingoak Bortzirietan. Droga landatzeko edo egiteko delitu bat egotzi diete.

Hiru lagun atxilotu dituzte Bortzirietan 94 marihuana landare edukitzeagatik.
Hiru lagun atxilotu dituzte Bortzirietan 94 marihuana landare edukitzeagatik. (Foruzaingoa)

Foruzaingoak 24, 29 eta 41 urteko hiru pertsona atxilotu ditu Bortzirietako herri batean. 94 marihuana landare aurkitu izanagaitik, droga landatzeko edo egiteko delitu bat egotzi diete.

Polizia indar honek azaldu duenez, jabetzaren aurkako delituak prebenitzeko ohiko patruila batean, herritarren segurtasunerako patruila batek marihuana usain handia sumatu zuen abandonatutako baserri baten inguruan.

Sarbidea zailtzen zuen sastraka ugari zegoen arren, agenteek eraikina inguratu zuten eta erantsitako lursail batean tamaina handiko 94 marihuana landare, mahukak, plastikozko botilak eta ongarri ontziak aurkitu zituzten. Ikusi zuten, baita ere, lursail hori, besteak ez bezala, sastrakaz garbitu zutela eta lurra laborantzarako prestatu zutela.

Ustezko egileak nor ziren jakiteko, zaintza dispositibo bat zabaldu zen, eta Foruzaingoaren Laguntza Teknologikoko Taldeak (GAT) parte hartu zuen. Drone baten laguntzaz, landaketaren arduradunen irudiak jaso ziren, laborantza eta bilketa lanak egiten ari zirelarik.

Behin aurkitutako frogak ikusita, hiru pertsonak alde egiten ari ziren egunetako batean, poliziek ibilgailua geldiarazi eta atxilotu egin zituzten. Maletategian landareak ureztatzeko erabilitako sei ur bidoi aurkitu zituzten. Polizia Judizialaren Iparraldeko Brigada arduratu da atestatu baten bidez dagokion epaitegiari informazioa emateaz.