Alaia Sierra

Energia-autokontsumoranzko bidea hartu dute Asparrenean

Duela 20 urte Zentral Hidroelektrikoa berreskuratu zutenetik, Asparreneko Udalean energia berriztagarrien aldeko apustua egin dute. Eguzki panelak eta biomasa galdara bat dauzkate eta hondakinen kudeaketa jasangarria lortu nahi dute, ahalik eta gehien sortu, aurreztu eta autokontsumitzeko.

Araiako biomasa galdarak inguruko zuhaitzen ezpalak erretzen ditu eta hiru udal eraikinetarako beroa sortzen du.
Araiako biomasa galdarak inguruko zuhaitzen ezpalak erretzen ditu eta hiru udal eraikinetarako beroa sortzen du. (Raul BOGAJO | FOKU)

Erregai fosilak amaitu egingo dira eta aukerak bilatzeko premia gainean dugu. Asparrenean, Arabako ipar-ekialdean, duela 20 urte hasi ziren energia-subiranotasunerako ibilbidean. 2002an, hain zuzen, Zentral Hidroelektrikoa berreskuratu zuten. Jatorriz, Ajuria y Urigoitia galdategiaren jardunerako erabiltzen zen, baina 1980ko hamarkadan fabrika itxi zutenetik geldirik zegoen.

Txelo Auzmendik, Asparreneko alkateak, lehendabiziko ekintza hura gogoan du ondo, zinegotzia baitzen garai hartan. «Duela 20 urte inork ez zuen energia-trantsizioaz hitz egiten. Zentrala berriz martxan jartzearen inbertsioa berreskuratu zenean, lortzen ziren etekinak energia berriztagarrietara bideratzea erabaki zuen Udalak», alkatearen hitzetan.

2017an biomasa galdara bat instalatu zuten, Zentral Hidroelektrikoak berak egina. Eskola, osasun zentroa eta kultur etxea hornitzen ditu. Gasaren alternatiba horrek zurezko ezpalak erretzen ditu, inguruko mendietako enborretatik ateratakoak. Beraz, burujabetza energetikoaz gain, mendien kudeaketa jasangarria ere badu helburu. Hala ere, Txelo Auzmendik dioenez, batzuetan arazoak sortzen ditu eta gasaz baliatu behar izaten dute. Biomasak sortutakoa efizienteagoa izan zedin, inguratzaile termiko bat jarri zuten iaz eskolaren eraikinean.

Kiroldegian geotermia sistema bat daukate. Horretarako, eguzki plakak jarri dituzte aurtengo udan. Sobera dagoen argindarra inguruko zerbitzu-eraikinetara bideratzen dute; biomasa erabiltzen dutenetara, hain zuzen. Alkatearen hitzetan, «sortutako guztia aprobetxatu behar da, ekonomikoki ere nabarituko dugula uste dut». Hondakin-uren araztegian ere eguzkiak sortutako argindarra erabiltzen dute.

Hiru helburu definitu dituzte: ahalik eta energia gehien aurreztea, sortutakoa autokontsumora ahalik eta gehien bideratzea eta ahal den energia gehien sortzea, mota edozein dela ere.

Oztopoak

Hurrengo proiektua hondakinen kudeaketarako instalazioa da. Komunitate-konpostatze sistemak dauzkaten arren, Gasteizera eraman beharrean, herrian sailkatu nahi dute zaborra. Proiektua eginda dago, baina Lakuaren baimenen mende daude aurrera eraman ahal izateko.

Proiektu horiek inbertsio handiak eskatzen dituzte eta dirulaguntzez baliatzen dira askotan. Alkateak eta Inma Albizu Ingurumeneko zinegotziak diotenez, horiek kudeatzea da erronka nagusia. «Etengabe» ibiltzen dira zer dirulaguntza berri argitaratzen diren begira. Batzuetan, gainera, datak ez datoz bat: «Ebazpen baten zain egon gara maiatzetik, eta urrian gaude jada», salatu du Auzmendik.

Tokiko produktua

Araiako Zentral Hidroelektrikoa Energiaren Euskal Erakundetik sortu zen, baina enpresa publikoa da, partaidetzaren zatirik handiena Asparreneko Udalak baitauka eta gainerakoa Arabako Foru Aldundiarena baita. Borja Markinez ingeniari tekniko elektronikoak horren eta biomasa sistemaren kudeaketan lan egiten du.

Zentralean sortzen den energia sarera eraman eta saldu egiten dela azaldu du. Hala ere, sortutakoaren zati bat Udalean kontsumitzeko «lehendabiziko pausoak» ematen ari direla zehaztu du. Markinezentzat «zentzudunena bertan kontsumitzea» bailitzateke.

11,5 gigawatt (GWh) orduko eta urteko kontsumitzen dira Asparrenean. Horietatik bederatzi, gune industrialean. Zentralarekin 3,5 sortzen dira eta, eguzki panelek sor dezaketena gehituta, 4 GWh sortuko lirateke. Beraz, datu horien aurrean, autosufizientea izateko, industriaguneak «zerbait egin beharko» lukeela adierazi du Txelo Auzmendi alkateak. «Bestela, nondik aterako da falta den argindarra?».

Funtsean, naturarekin oreka bermatzea dute helburu nagusi. «Txikitan gure etxeetan egurra erabiltzen zen. Gaur egun ez gara mendira egur bila joango, baina daukagun baso-masatik nahikoa bero sor dezakegu», adierazi du alkateak. %100ean autosufizienteak izatea «oso zaila» dela deritzon arren, udal guztiek energia garbietarantz eboluzionatu beharko luketela uste du irmoki.