NAIZ

Gernikak ezin izan du punturik batu Avilesen jokatutako denboraldiko lehen partidan

Ordiziak atseden hartu duen asteburu honetan, garaipenak Bidasoaren iparraldetik etorri zaizkigu, Avironek 29-13 irabazi baitio Stade Rochelaisi eta Biarritzek Agileratik at partida bat irabazi baitzuen 16 hilabete geroago, 32-46 Montaubani. Nesketan, Eibarrek porrot handi xamarra bildu du etxean.

Gernikak ezin izan du punturik batu debutean.
Gernikak ezin izan du punturik batu debutean. (@GernikaRT)

Uda korapilotsu baten ostean, gaur ekin dio Gernikak denboraldi berri bati Ohorezko Mailan eta punturik batu gabe itzuli behar izan dute bizkaitarrek Avilesetik 24-10 galduta. Eta hori gernikarrek aurretik ekin diotela partidari, 9. minutuan Juan Pablo Demargassok lortutako entseguari esker. Gauzak, ordea, zailtzen joan zaizkie eta atsedenaldirako etxeko taldea, Belenos, bi puntu aurretik joateko gai izan da (7-5). Defentsak nagusitu diren lehia batean, aldageletatik bueltan gauzak erabat trakestu zaizkie Urbietakoei 75. minuturako etxekoak 17-5 aurreratu direlako eta azken minutuetan saiatu arren, markagailua zertxobait txukuntzea baino ez dute lortu. 

Maila honetan bertan, Ordiziari atseden hartzea egokitu zaie eta goierritarrei ondo etorriko zitzaien geldialdi hau azken fitxaketak taldera egokitzeko, lehen jardunaldian Barcelonaren aurka etxean galdu ostean. 

Nesketan, denboraldi hasiera ez da askoz hobea izan Eibarrentzat eta etxean jokatutako lehen partidan jipoi handi xamarra hartu dute Sevillako Cocos taldearen aurka 12-45 galduta. Gauzak horrela, lehen bi jardunaldietan punturik batu ezinda, sailkapenaren zuloan kokatu dira eibartarrak Sant Cugat taldearekin batera. 

Eta Frantziako Top14 ligari dagokionean, Baionak Avironek garaipen ikusgarria lortu zuen Stade Rochelais, Europako txapeldunari Jean Dauger zelaian 29-13 irabazita. Garaipen honekin 13 puntu batu dituzte lapurtarrek jokatutako sei partidetan eta zazpigarren postuan lasai antzean daude Top-14ra itzuli diren urte honetan.

Bigarren mailan ere albiste onak Biarritz Olympiquerentzat, Montaubani 32-46 gailenduta, Agileratik at irabazi gabe zeramatzaten 16 hilabeteko bolada txarrari agur esan baitzioten ostegunean.