Aurreneko garaipenek Bilbao Basket «jokalari multzo» izatetik «talde» izateko bidean jarri dute
Ez da lehenengo aldia talde bizkaitarrak denboraldi hasierako lehenengo lau partidak irabazten dituela. Goiz da horrek noraino eramango dituen esateko, baina Valentzia Basket garaitu izanak, Smith, Alonso eta Hakansonek egun txarra izanagatik, gauza onak eman nahi lituzke aditzera.
CXVI
Un equipo es un estado que rara vez se alcanza.
http://psicobasket.blogspot.com/ (Gonzalo Vázquez)
Goiz da oraindik Bilbao Basketek uste baino gailur altuagoak harrapa ditzakeela esaten hasteko, baina egia da, bestalde, inork gutxik espero zuela ACB Ligako aurreneko hiru jardunaldiak pasa eta Txapeldunen Ligako estreinako partida jokatu ostean beltzezko gizonek partida bakoitza garaipena ospatuz amaituko zutenik. Are gehiago, iazko ACB Ligari jaramon egiten badiogu. Iaz bilbotarrek Badalonan galdu egin zuten eta, etxean, Valentzia Basketen aurka denboraldiko hamabigarren garaipena lortu bazuten ere, gero play-offetarako bidea, txartela ia eskuan zela, Betisen aurka luzapenean galdu eta zortzi onenetatik at geratu zen, hain justu Alex Mumbru entrenatzaileak Miribillan etxeko moduan jokatu zuen azkenengo neurketan. Alegia, iazko balantzea 1-2 atera zuen eta aurten 3-0ekoa atera du, Europara itzuli berritan lortu duen garaipena ahaztu gabe eta, jakina, Goudelock, Rico eta Ubalen bajak aintzat hartuta.
Eta hori orain arte jokaturiko neurketetan perotagonista izan diren Adam Emith, Francis Alonso edo Ludde Hakanson jaurtiketetan batere fin ez zirela ibili eduki behar da kontuan. Egia da partida erabaki zuen hirukoan asmatu zuela Smithek, eta Alonso zein Hakansonen artean bota zituzten 14 jaurtiketa libreak sartu zituztela, baina era berean, hiruen artean 9 hirukotik bi bakarrik sartu zituzten; are okerrago biko jaurtiketetan: 11tik 1 bakarrik.
Ondorioz, partida hastepenean Xavi Rabaseda eta Nikola Radicevic nabarmendu behar izan ziren bilbotarren saskiratzaile nagusi gisa, eta Valentzia Basket hamar puntuz goitik jarri zelarik, neurketari oker baino okerrago ekin zion Emir Sulejmanovicek lau hiruko kateatu zituela azken bi laurdenetan, neurri batean Miribilla berpiztuz bosniarraren ekimenak. Ezin ahaztu, bestalde, Michale Kyserrek uztaipean egidako lana, izan ere Jeff Withey pertsonalak zirela eta 15 minutuz baino ez baitzen izan kantxan. Kyserrek 8 puntu, 4 errebote eta 3 txapel lortu zituen, eta bere jokaldien ikusgarritasuna medio, Bilbao Arena zutik jartzea erdietsi zuen pibot estatubatuarrak.
«Atsedenaldira iritsi garelarik, Adam Smith, Francis (Alonso) eta Alex (Reyes) punturik sartu gabe zeuden, eta hori jokalari hauek puntuak sartzea dute beren bertute nagusienetakoa. Neurri batean, noski, Valentzia Basketen lanari esker gertatu zaie hori. Baina tira, beste jokalari batzuk aurkitu behar genituen puntu horiek sartzeko, eta aurkitu ditugu azkenean. "Sulek" (Emir Sulejmanovic) sekulako nortasuna duela erakutsi du, baita Nikok ere (Nikola Radicevic), eta horrez gain, beren jokoa aurkitu ezinik zebiltzan jokalari horiek, azken aldera beharrezko balira ere azaltzeko prest egon dira. Hain jokalari multzo konprometitua entrenatzeagatik oso harro sentitzen naiz. Orain ez ditut ‘jokalariak’ aipatzen, ‘multzoa’ baino; egiazko ‘’talde’ bat gara ia», bota zuen partida ondorengo prentsaurrekoan Jaume Ponsarnauk.
Ongi hastearen ajeak
Ez da aurreneko aldia Bilbao Basket ederki hasten dena. Jakina da bere garai onenetan bilbotarrek ACB Ligako goiko muturra ere ezagutu zuela eta uneotan Txus Vidorretaren Teneriferen atzetik bigarrenak dira, Real Madrilekin batera, aurreneko hiru partidak irabazi dituzten bakarrak baitira.
«Garaipenak ospatu egin behar dira, beti», azpimarratu zuen domeka arratsaldean Jaume Ponsarnauk Miribillako prentsa aretoan, une horretan talde bilbotarra ACB Ligako liderra baitzen, Saski Baskonia eta Teneriferen arteko dema jokatzen ari zela. «Jokalariek atseden hartuko dute astelehenean, baina martitzenetik aurrera –bide batez, Adam Smithen aurkezpen ofiziala egiteko baliatuko du talde bizkaitarrak– lanera bueltatu behar dugu ongi jokatzen duen talde bat izan behar dugulako. Valentzia Basket bezalako talde bikainei irabazteko gai den taldea osatu nahi dugu gero ere, eta hau martxan jarri delarik, ez dago gelditzerik; are gehiago, geldituko bagina, ACB Liga gainetik pasako litzaiguke», ohartarazi zuen Tarregako entrenatzaileak.
Bilbao Basketek denboraldia 4-0 hasi zuen azkenengo aldia 2016/17 denboraldia izan zen, Carles Duranen aginduetara. Eta orduko hartan aurreneko itzuliaren amaieran bilbotarren balantzea 7-10ekoa izan zen: Kopatik at eta Europatik ere kanpora aurreneko fasean –Eurocupa jokatu zuen denboraldi hartan–. Bigarren itzulian ere bolada bikain batekin hasi zen talde bizkaitarra, beste 4-0 bat kateatuz, baina denboraldia azkenean 14 garaipenekin itxi zuen, play-offetako postuetatik –hura zen garai hartan Bilbao Basketen helburua– oso urrun.
Gogoan izan behar da, bestalde, pasa den denboraldian aurreneko bost partidak galdu zituela Bilbao Basketek, eta Fuenlabradaren aurka lortu zuen lehenengo garaipena, nahiz eta azken laurdenean 55-68 atzetik joan. Azkenean, 16 garaipenekin amaitu zuen talde bizkaitarrak denboraldia, play-offak jokatzeko zorian.
«Garaipenak pilatzen hasten zarenean erlaxatu egin zintezke, eta hasiera baten hain onak ez ginen bezala, porrotak pilatzen hasi garenean ere ez gara hain txarrak bilakatu. Bolada onetatik zein txarretatik ikasi behar da», ohartarazi zuen NAIZi eskaini zion elkarrizketa baten Carles Duran berak. «Garaipenek eta porrotek beren garrantzia dute, noski, baina erotu gabe. Askoz garrantzitsuagoa da taldeak bere bidea zein den argi jakitea», azpimarratzen zuen Badalonako entrenatzaileak.
Denboran aurrera egin eta 2022ko urriaren 9ko arratsalde iluntzean, Jaume Ponsarnauk ere antzekorik zioen. «Valentziaren aurkako partidan bertan ikusi da: beraiek gure jokalari garrantzitsuenak gelditzera etorri dira eta lortu dute helburu hori neurri handi batean. Ondorioz, hazten jarraitu behar dugu, nahitaez. Hauxe bera esan diet jokalariei aldagelan eta jokalarien bisaiak nirekin ados zeudela erakutsi dit», adierazi zuen.
Hurrengo neurketek erakutsiko dute Bilbao Basketek denboraldi hasiera bikain honi eusteko ahalmenik duen, jakinean min hartuta dituen jokalarien artean Ubal gaztea baino ezingo duela berreskuratu hurrengo asteetara begira eta, bestalde, aurkarien «scouting» lana zorrotzagoa izango dela –Valentzia Basketek Adam Smith, Ludde Hakanson eta Francis Alonsorekin erakutsi zuen moduan–.
Hala, datorren zapatuan Granadaren kantxan jokatuko dute beltzezko gizonek 18.00etan –Granada bera ere, ACB Ligara itzuli berria den arren, bikain dabil, hiru neurketatik bi irabazita–, eta hilaren 22an, berriz, Lugon jokatuko dute, Veljko Mrsicek zuzentzen duen taldearen aurka –Bilbao Basketen entrenatzaile ohia LEB Ligara jaitsi ziren 2017/18 denboraldi malapartatu hartan–.
Europan, berriz, Turkiako Bahcesehir College taldea etorriko da Miribillara bisitari, hilaren 18an, 20.30etatik aurrera. Azkenik, urriari agur esateko, euskal derbia izango da Bilbao Arenan, Saski Baskonia azalduko baita hilaren 30ean 20.00etatik aurrera.
Lau neurketa horietako emaitzek, eta emaitzek baino gehiago, jokoak, garbiago erakutsi du Bilbao Basketen egiazko lekua zein den 2022/23 denboraldi honetako aurreneko tartean, klubak «jokalari multzo» izatetik «talde» izatera pasatzen diren sasoian.