NAIZ

Gas galdara komunitarioen fakturaren igoera konpentsatzeko bonu bat eskatu du EH Bilduk

EH Bilduko legebiltzarkidea den Mikel Oterok premiazkotzat jo du Lakuak azaroaren 1etik aurrera errentaren araberako bonu bat sortzea galdara komunitarioen fakturaren igoeraren ondorioak arintzea, prezioak normalizatu bitartean.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Galdara komunitarioa duten etxebizitza-komunitateetan gasaren fakturaren ezohiko igoerak sortu duen arazo larriari heldu dio berriz ere EH Bilduk Legebiltzarrean. Legez besteko proposamen baten bitartez, Mikel Oterok Lakuari eskatu dio «azaroaren 1etik aurrera, eta egoera normalizatu bitartean, errentaren araberako bonu bat sor dezala, milaka familia pairatzen ari diren igoera hori konpentsatzeko».

Ohar batean talde subiranistak azaldu duenez, EH Bilduk eskari bera egin zuen pasa den maiatzean, «baina EAJk eta PSEk atzera bota zuten orduan, Voxekin batera». Oraingoan erantzuna bestelakoa izango dela espero du Oterok, «arazoak konpontzeke jarraitzen duelako eta Jaurlaritzak berak ere neurriak hartu beharra onartu duelako».

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, «arazoaren jatorria Gobernu espainolak iaz onartu zuen araudi berrian dago, gas naturalaren azken baliabideko tarifarako sarbidea urteko 50.000 KWh baino gutxiagoko kontsumoetara mugatu zuelako».

Erabaki haren ondorioz, «galdara komunitarioa duten etxebizitzak energia-kontsumitzaile handitzat jotzen dira, eta horrek energia-baliabideen erabilera oso intentsiboa egiten duten enpresekin parekatzen ditu. Hori dela eta, komunitate horietan gasaren faktura izugarri igo da, 400, 500 edo 600 euroko fakturak ohikoak izateraino, kontuan hartu gabe galdera komunitarioak familientzako azpiegiturak direla eta azken baliabideko tarifaz kanpo uzteak ez duela inolako justifikaziorik».

Gobernu espainolak galdara horien fakturak jaisteko konpromisoa hartu du astearte honetan, «baina ez du zehaztu zein izango diren horretarako hartuko dituen neurriak». Oteroren iritziz, «Jaurlaritza ezin da Madrilen hartuko dituzten erabakien esperoan egon, bere eskumenak baliatu behar ditu bere esku dituen neurriak hartzeko, konpentsazio-bonoa sortzeko kasu honetan, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko milaka familia horiek laguntza hori premiaz behar dutelako».