Arnaitz Gorriti

Bilbao Basketek «hazten» jarraitu behar du, Granadaren kantxan zernahi gertatzen dela ere

Denboraldiko aurreneko lau partidak irabazi ditu Surne Bilbao Basketek, baina Granada igo berriaren kantxan ez du erraztasun handiagorik aurkituko, talde andaluziarrak aurreneko hiru jardunaldietatik bi irabazi baititu. Bilbotarrek astebean hiru partida jokatu behaerko dituzte.

Michale Kyser, Bilbao Basketen beste errekutso bat.
Michale Kyser, Bilbao Basketen beste errekutso bat. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

«Garrantzitsuagoa da hazten jarraitzea, denboraldi hasierako garaipenak baino». Jaume Ponsarnau lelo horri itsatsita dago, errezoan dabilen monje budista bat bailitzan. Valentzia Basketi irabaziz geroztik, gainera, astebete izan du talde bilbotarrak larunbat arratsaldean, 18.00etan hasiko den Coviran Granadaren aurkako dema prestatzeko. «Eta hazten jarraitzeko», noski. «Irabaztea asko gustatzen zaigu, noski, baina hazten jarraitu ezean ez dugu irabazteko abagune handirik izaten jarraituko», ohartarazi du Jaume Ponsarnauk.

Betidanik burugogor ospea izan ohi dute entrenatzaileek, plan bati atziki eta ezergatik ere aldatzen ez dutelako. Plan hori okertzen hasten denean erantzuten jakitea da kontua, baina paperean edo arbelean marrazten dena, ganoraz ateratzen den bitartean, aurrera. Zentzu horretan, Jaume Ponsarnau ez da oso ezberdina, beste entrenatzaile askoren aldean askoz izaera xumeagoa izanagatik. Gauzak ongi nahiz gaizki atera, «hazten jarraitzea» da Tarregago entrenatzailearen helburua, eta helburu hori aintzat hartuta, Granadaren aurka zer gertatzen den bigarren mailakoa izatera pasa liteke; hau da, deskuidoan Bilbao Basketek irabazi eta zapatu gaua ACB Ligako lidertzan emango balu, ez litzatekeela burua galdu beharrik izango, ezta galduta ere dena hankaz gora bidali beharrik ere.

«ACB Ligako taldeek berandu baino lehen ikasiko dute gure bertuteak nola gelditu, baina guk bertute hauek ahal bezain beste indartu behar ditugu, eta ahal dela, bertute berriak aurkitu ere, aurkariarenak nola gelditu saiatzen garen bitartean», esan du entrenatzaile katalanak.

Azken baten, Valentzia Basketen aurkako deman ikusi zen, Adam Smith, Ludde Hakanson eta Francis Alonso, puntuak sartzeko orduan taldearen erreferente nagusienak behar luketenak, saskira begira oker arituta ere, beltzezko gizonek errekurtso gehiago ere badituztela. Esaterako, txapelketa nahiko makal hasi duen Emir Sulejmanovic hegal-pibot bosniarrak lau hiruko safrtu zituen, noiz eta Bilbao Basket okerren zebilen unean. Bestetik, Xavi Rabaseda, Nikola Radicevic eta Michale Kyser ere hantxe azaldu ziren, hasieran baten inor gutxik espero zitzakeen pountuak sartuta bizkaitarren beste garaipen bat ziurtatzeko.

Zentzu horretan, Granadaren aurka ere antzeko planteamendua egin gura du Ponsarnauk. «ACB Ligan ‘gurutzeak’ egiteko sasoia aspaldi pasa zen; hau da, ‘honi ezin diogu irabazi, baina beste honen aurka nahitaez irabazi behar dugu...’ eta antzekoak esaten aritzeko denbora atzean geratu da. Horren ordez, nornahiren aurka ahalik eta lehiakorren izan behar da, ez baitago irabazteko beste modurik. Ondorioz, Valentziari, Joventuti edo Betisi adina errespetu zor diogu Granadari ere», azpimarratu du bilbotarren entrenatzaileak.

«Gainera, bistan da Granadak taldea egituratzeko orduan lan handia aurreratu duela, iazko jokalari askok aurten ere bertan jarraitzen baitute, eta gainera, kalitate handia duten jokalariak fitxatu ditu», gaineratu du. Alex Renfroe antolatzailea edo Luke Maye zein Cristiano Felicio pibotak lirateke «kalitatezko jauzi» hori ematen lagunduko luketen morroiak. «UCAM Murtziaren etxean irabazi berri dute eta galdu duten neurketa bakarra etxean izan da. Beraz, gogotsu egongo dira etxean ere gailentzeko», ohartarazi du.

2006ko azaroa gogoan

Granada Saskibaloi Elkartea desegin behar izan zen zorrek itota ACB mailatik Urrezko LEB Ligara jaitsi zirenean. Hargatik, ACB.com webguneak andaluziarren eta Bilbao Basketen arteko aurreko partiden berririk ez dagoela dio bere informazio zerbitzuan.

Alabaina, Bilbao Basketek ACB Ligan eman zituen aurreneko urrats horietan Granadak badu zeresanik, batez ere 2006ko azaroaren 18 hartan. Txus Vidorretaren aginduetara 76-85 nagusitu ziren artean gorriz jokatzen zuten jokalari bilbotarrak.

Garaipena bera baino gehiago Luke Recker Indianako hegalekoaren eguna oroitu behar da: orotara 30 puntu sartu zituen, hiruko zortzi jaurtiketa asmatu eta gero. Reckerrekin batera, roman Montañez Manresako jokalariak ere 18 puntu sartu zituen. Hauen bien artean hautsi zuten partida, bigarren eta hirugarren laurdenean opilaturiko 31-48 partzialari esker.

Granadara bisita ez zen erraza, bestalde, segidan lau partrida galduta baitziren Txus Vidorretarenak. Azkenean 15 garaipen lortuta, nahikoa erraz libratu zuten denboraldia bizkaitarrek, baina Granadako garaipen hura gabe, zuloan murgiltzeko arrisku latzean izango ziratekeen.

Atsedena eta sprinta

Pasa den domekatik jokatu gabe egon ostean, taseden harrtu eta zapatu arratsaldeko partida prestatzeko aukera izan du Bilbao Basketek. Era berean, zortzi egunetan hiru partida jokatzeko prestatu behar izan du Jaume Ponsarnauren taldeak.

Zapatuan Granadaren aurka jokatu ostean, asteartean 20.30etan Miribillan Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia izango dute bilbotarrek, Turkiako Bahcesehir College taldearen aurka eta zortzi egun barru, Breoganen kantxan, Lugon, jokatu beharko dute beltzezko gizonek. Veljko Mrsic, bilbao basketen entrenatzaile ohia izango dute zain orduan, sprinta jotzeko indarrik geratzen ote zaien argitzeko.