NAIZ

Beti Onak eta Zuazo, Kopako hurrengo fasera sailkatu dira garaipen bana eskuratuta

Beti Onakek erosotasunez garaitu du Elda Prestigio (20-29) eta Zuazok apur bat gehiago sufritu behar izan duen arren, ez du gehiegizko arazorik izan Cicar Lanzaroteri irabazteko (22-29), igoera fasea jokatzeko prestatuta dagoen taldeari, alegia.

Beti Onak taldeko jokalariak Kopako garaipena ospatzen.
Beti Onak taldeko jokalariak Kopako garaipena ospatzen. (BETI ONAK)

Gehiegizko arazorik gabe estreinatu dira Kopan Beti Onak eta Zuazo eta beraz, hurrengo fasera sailkatu dira. «Ezin dugu hutsik egin», adierazi zuen talde bizkaitarreko entrenatzaile Joseba Rodriguezek NAIZi emandako elkarrizketan, Cicar Lanzaroteren aurkako partidari erreferentzia eginez. Sufritu egingo zutela ohartarazi zuen, bere taldean bost jokalari min hartuta daudela eta horrek, nola edo hala, taldea osatzera behartu duelako.

Ez zaio erraza egin markagailuan aldeak irekitzea (14-15 bukatu da lehen zatia) baina bigarren zatian, lehendabizi 1-3ko partzial bati esker, eta azken txanpan ondoren, 2-7ko batekin, garaipena ederki bideratu dute. Garoa Sarrionandia-Ibarra (3 gol) eta Maddi Bengoetxea (2 gol) nabarmendu dira bigarren partzial horretan.

Lehen lerroko gipuzkoarra izan da, hain zuzen ere, aurreneko orduerdian taldea bizkarrean eraman duena. Arerioa markagailuan hurbildu orduko, gol batekin erantzun duena, alegia. Gogor aritu dira etxekoak, Adina (4 gol orotara) eta Coboren (5 gol) bitartez, baina Haitoren taldea, kemena lagun, gutxiengo errenta mantentzeko gai izan da, bigarren zatian bere nagusitasuna berretsiz.

Urrezko Ohorezko Mailan hirugarren sailkatua da Cicar Lanzarote, igoera jokatzeko eginiko taldea da. Beraz, garaipen honek Elx eta Granollersen aurka erakutsitako sentsazio onei jarraipena ematen die.

Beti Onak talde atarrabiarrak, bestalde, gutxiago sufrituta lortu du hurrengo faserako txartela. Elda Prestigio 20-29 markagailuarekin hartu du mendean eta hasieratik ireki ditu aldeak (4-9, 17. minutuan). Lorena Montilla, Beti Onakeko Natalia Montillaren ahizpa, izan da etxeko taldea eutsi duena baina lehen zatiaren azken hatsean Kassiak eginiko hiru golek partida erabat apurtu dute (6-13). 

Bigarren zatian, errenta mantendu ez ezik, handitu ere egin dute nafarrek (8-18, 7. minuturako). Hutsartea eskatu du etxeko teknikariak, erreakzioren bat garaiz bilatu asmoz, baina bi taldeen arteko maila diferentzia agerian geratu da. Lovera (4 gol bigarren zatian), Lucia Zamora (3 gol bigarren orduerdian) Eider Rodriguez eta Paula Garciak, besteak beste, ezerezean utzi dute Alacantekoen asmo oro.