NAIZ

Pantailak Euskaraz sinadurak biltzen hasi da Twitterreko kontua berriz irekitzeko

Twitterrek @PantailakEus kontua itxi du. Oraindik ez dakite horren arrazoia, baina euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak kanpaina bat hasi du sare sozial honi kontua berrezartzeko eta «adierazpen askatasuna eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko» eskatzeko.

Pantailak Euskarazen Twitterreko kontua ostegunetik dago itxita. Sinadurak jasotzen ari dira berriro irekitzeko eskatzeko.
Pantailak Euskarazen Twitterreko kontua ostegunetik dago itxita. Sinadurak jasotzen ari dira berriro irekitzeko eskatzeko. (NAIZ)

Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenari kontua itxi dio Twitterrek. Ez dute argi zein izan den horretarako arrazoia, baina sinadurak biltzen hasi dira sare sozialari eskatzeko kontua berriro irekitzeko eta baita «adierazpen askatasuna eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko» ere.

Mota guztietako pantailetan (telebista, zinema, streaming plataforma, sare sozial nahiz bideo-joko) euskararen presentzia biderkatzearen eta euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzearen alde ari da lanean Pantailak Euskaraz mugimendua. Joan den asteartean, urriak 11, kontu guztiak hackeatu zizkieten: posta, twitter eta youtubeko kontuak, eta Netflix Euskaraz eta Zinema Euskaraz kontuak ere bai.

Hacker bat

Pantailak Euskaraz-eko kideek NAIZi azaldu diotenez, bai youtubeko kanalean bai Twitterreko kontuetan kriptotxanponen inguruko mezu eta bideo pila bat agertzen hasi ziren ingelesez. Pirata informatiko bat sartu izanen zitzaiela abisatu zieten eta mezu horiek denak ezabatu, kontu guztiak itxi, eta pasahitzak berrezarri zituzten. «Konpondutzat eman genuen arazoa eta asteazkenean dena normal zebilen».

«Baina ostegun gauean Twitter kontua itxi ziguten. Ez dugu garbi horren arrazoia. Esan digutena da balitekeela Twitterrek hackerren mezu arraro horiek desegokitzat jo izana eta horren ondorioz itxi izana kontua. Baina ostiraletik ari gara Twitterri kontua berrezartzeko eskatzen eta erantzuna beti da berdina: ‘Arau hausteagatik kontua itxia duzuela berresten dizuegu’».

Horregatik, sinadura kanpaina abiatu dute astelehen eguerdi honetan, Twitterreko kontua berreskuratzeko asmoz.