NAIZ

Iriarte eta Izagirreren hautagaiei oniritzi zabala eman diete EH Bilduren oinarriek

Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusigai eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategai izateko proposamena berretsi dute EH Bilduren oinarriek, talde abertzaleak emandako datuen arabera. Hautagai bakarrak ziren biak eta %95eko sostengua baino gehiago lortu dute.

Juan Karlos Izagirre eta Maddalen Iriarte, Donostiako kale batean.
Juan Karlos Izagirre eta Maddalen Iriarte, Donostiako kale batean. (EH BILDU)

Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusigai eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategai izateko hautagaiei oniritzi zabala eman diete EH Bilduren oinarriek, talde abertzaleak jakitera eman duenez. Honekin batera, Barne Hausteskunde Prozesuaren Jarraipen Batzordeak prozedura zuzena izan dela nabarmendu du EH Bilduk.

Maddalen Iriartek %97,85 aldeko boto jaso ditu, %1,8 aurka eta %0,35 zuri. Juan Karlos Izagirrek, berriz, botoen %96,23 alde jaso ditu, botoen %2,83 aurka eta %0,94 zuri.

Barne Hauteskunde Prozesuaren Jarraipen Batzordean baieztatu du ez dela alegaziorik aurkeztu.

Datorren igandean, hilaren 23an, bi hautagaien aurkezpen ofiziala egingo da Donostian.

Gipuzkoako EH Bilduren Mahai Politikoak proposatu zuen Maddalen Iriarte ahaldun nagusigai izateko. Ez zen beste hautagarik proposatu. Beraz, oinarriek Iriarte berretsi ala ez izan dute aukera bezala prozesu honetan.

Antzeko ibilbidea izan du Juan Karlos Izagirrek. Donostiako Mahai Politikoak alkategai izateko hautatu zuen. Ez zen beste hautagairik proposatu eta, ondorioz, Izagirre berretsi ala ez izan da oinarriek izan duten aukera.

Medikua da ogibidez 1963an jaio zen Izagirre eta 2011tik 2015era jada Donostiako alkate izan zen. 2015eko hauteskundeetan EAJko Eneko Goia gailendu zen eta EH Bildu oposiziora pasa zen. Izagirre mediku lanetara bueltatu zen orduan. Azken agintaldian Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren taldearen eleduna izan da.

Kazetaria da Maddalen Iriarte, ETBko aurpegi ezagunenetakoa izan delarik. 2016an Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetan, hasiera batean, bigarren postuan aurkeztu zuten Gipuzkoan, Arnaldo Otegiren atzetik. Baina Auzitegi Nazionalak azken honen hautagaitza debekatu ostean, zerrendaburu izatera pasa zen. Legealdi horretan EH Bilduren bozeramailea izan zen Gasteizko Parlamentuan eta 2020ko hauteskundeetan koalizio independentistaren lehendakarigaia izan zen.