NAIZ

Mexikon desagertuta zegoen bikote lapurtarra hilda topatu dute, beren ostatuan

Irailetik Mexikon desagertuta zeuden Michel Amado eta Assya Madjour senar-emazte lapurtarrak hilda topatu dituzte, beren ostatuan, Valladolid herrian, Yucatanen. Patioan lurperatuta aurkitu dituzte gorpuak.

Michel Amado eta Assya Madjour Mexikon bizi ziren
Michel Amado eta Assya Madjour Mexikon bizi ziren (@reporte_indigo)

Michel Amado eta Assya Madjour lapurtarrak Mexikon bizi ziren, Yucatan probintzian. Irailetik desagertuta zeuden eta haien senitartekoek salaketa jarri zuten. ‘Sud-Ouest’ egunkariak baieztatu berri duenez, bikotea hilda topatu dute Valladolid herrian, biek kudeatzen zuten ostatuan.

Yucataneko Fiskaltzaren bulegoak eman du albistea eta gorpuak joan zen asteburuan aurkitu zituztela zehaztu du.

‘Yucatan Ahora’ hedabideak sareraturiko informazioaren arabera, Poliziak Catrina de Candelaria izeneko ostatua arakatu zuen joan zen ostiral eta larunbata bitartean. «Ostatuaren patioan, lurperaturik, atzeman zituzten bikotearenak liratekeen gorpuak», idatzi zuen hedabideak.

Gorpuen analisiak martxan zirela gaineratzen zuen apaturiko atariak. Izan ere, gaur bertan familiak baieztatu du 57 urteko Michel Amado eta 50 urteko Assya Madjouren gorpuak direla.

Bizitoki batzuk saldu zituzten ostatu bat irekitzeko

Bikotea badira urte batzuk joan zen Mexikora bizitzera. Playa del Carmenen zituzten hainbat bizitoki saldu ondoren egun Valladoliden ostatu bat berrireikitzen ari ziren, famiiak jakitera eman zuenez.

Familiarengan alarma piztu zuen bikotearen mezu batek, zeinak zioen Chiapas estatura zihoazela zentro espiritual batean egonaldia egitera.

Beraiekin kontaktuan jartzen saiatu ziren baina ez zutenez lortu bikotearen desagertzea salatu zuen familiak Mexikoko hiriburuan frantses Estatuak duen Enbaxadaren bidez.

Fiskaltzak joan zen astean azaldu zuenez, bikotea ez zen inoiz heldu Chiapas estatura.

Horren ondotik Poliziaren ikerketak Yucatanen zentratu ziren berriro ere. Donibane Lohizunekoa zen Michel Amado eta Assya Madjour ziburutarra Valladolid hirian bizi ziren eta bertan atzeman dituzte hilik.