NAIZ

'Bizilagunak' kulturarteko bazkariak azaroaren 20an egingo dira

Elkar ezagutza du xede 'Bizilagunak' programak, bertako eta atzerrikoak diren herrikideak elkartzen ditu mahai baten bueltan aurreiritzi arrazista eta xenofoboak gainditzeko. Azaroaren 20an izango da aurtengo edizioa.

Bizilagunak programako bazkaria, Gasteizen.
Bizilagunak programako bazkaria, Gasteizen. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

'Bizilagunak' ekimenak bertakoak eta bertara iritsiak bazkari baten baitan elkartzea ahalbidetzen du. Urtero azaroako igande bat proposatzen dute herrialdeetako Foru Aldundiek bertako talde antiarrazistekin batera, eta aurten azaroaren 20a proposatu dute topaketarako eguna.

Dinamizatzaile eta mahai zapi baten laguntzaz, aurreiritziak eta estereotipoak gainditzea eta gizarte kohesionatuago bat eraikiko duten esperientzia, zapore eta bizipenak elkarbanatzeko gunea da. Aurtengoa 'Elkar ezagutzearen onena' lelopean egingo dute. Elkarbizitza sustatu eta estereotipoak apurtzearekin batera kultura eta jatorri ezberdinetako ohitura eta ikuskerak ezagutu eta elkarbanatzea ere helburu dutelako.

Arabako berdintasun eta giza eskubideetako ahaldun den Ainhoa Campok adierazi du esperientzia oso aberasgarria dela: «Guztion erronka da horrelako enkontruek ahalbidetzen diguten kulturarteko aberastasuna aprobetxatzea, anitza da eta etengabeko aldaketan dago gure gizartea. Eta horrelako ekimenen bidez lortuko dugu kulturarteko elkarbizitza erreala, integraziorako eredu gisa».

Hamaikagarren urtea izango du aurtengoa ekimenak. Pasa den urteko berezia izan zen egoera epidemiologikoa tarteko, etxeetan beharrean espazio irekietan elkartu baitziren. Aurtengoan, berriro ere etxeetan antolatuko dituzte otorduak.