Jon Ormazabal
Entrevue
Andoni Aretxabaleta
Pilotaria

«Lehen ere egona naiz zortzi orduz fabrikan lanean eta ez daukat itzultzeko beldurrik»

Bere ibilbidean gertatu zaionaren antzera, lesio batek ez dio zuriz jantzita agur esaten utziko, hatz batetik operatu berria da, baina ahoan betiko irribarrea duela esango dio agur pilota profesionalari larunbatean Bilbon; beti bezala jator eta inorentzako hitz txarrik gabe.

Andoni Aretxabaleta.
Andoni Aretxabaleta. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Hasteko, zer moduz zaude?

Bueno, ba egin zidaten ebakuntzaz, egia esan, aldaka inguruan dut min gehiago hatzean baino; handik kendu zizkidaten hezur pusketaren batzuk hatzean jartzeko. Baina ondo eta bizitza normalerako prestatzen. Lehena hatza osatzea da, baina ohitzen ari naiz pilotan gehiago jokatuko ez dudan ideia horretara.

Tamalez ez duzu zuriz jantzita agur esateko aukerarik izango, horrek arantzatxo bat uzten dizu?

Bai, noski, denok nahi dugu jokatuz agur esan, partida eder bat lagun eta ingurukoen aurrean, baina ezinezkoa izan da. Lehendabizikoa osasuna da, 30 urte laster egingo ditut eta arrisku handia zegoen atzamarra ondo ez geratzeko.

Ohituta ere dagoeneko halakoetara lesioak etengabeak izan dira zure ibilbidean...

Bai, zoritxarrez badakit zer den hau eta hauxe da dagoena. Beti irten izan naiz ondo, pentsaera positiboarekin eta orain ere hala beharko du. Orain, gainera, lehen baino pazientzia handiagoarekin, ze ez daukat pilotara itzultzeko behar hori, lehen bezala.

Lesioak izan dira zure ibilbideko oztoporik handiena?

Bai, jarraikortasunik ez dudalako izan, eta azkenean joko puntu bat hartzeko beharrezkoa da. Ni, behintzat, lasai nago, ze badakit aukera izan dudanean erantzun dudala.

Zure partetik dena jarri duzunaren lasaitasunarekin beraz?

Bai, egia esan, horrenbeste lesio eta gero aldatu egin nuen entrenatzeko plangintza, pixka bat gehiago zaindu, beste era batera entrenatu... eta alde horretatik beti egon naiz esku onetan, bai Beasainen, Eskura Zentroan, eta Sopelako Igor Minerrekin, baita nire prestatzaile izan den Gontzal Urionarekin ere.

Azken lesio honek agurra azkartu duela esan dezakegu, baina bestela espero zenuen? 

Nik pilotan jarraitzeko nahi hori izan dut, azkenean 30 urtez azpitik egonda, beste urte batzuez jarraitu nahi nuen, baina lesio honek ere erraztu egin dio enpresari; bueno, ez dakit erraztu edo ez, baina kontua da mediku batek baino gehiagok esaten badizula ez dela gomendagarria pilotan jarraitzea... ba niri ere asko erraztu dit erabakia. Borrokan jarraitu arren, gauzak horrela direnean asko errazten dira erabakiak.

Betirako utziko duzu orduan?

Ez dakit, baina egia esan ez daukat lehengo presio hori, ahalik eta arinen jarri behar hori. Orain ez dut halakorik eta egia esaten badizut ez daukat presarik, lehen agian bizkorregi irten ginen, orain agian denbora gehiago izanda ez dakit nola geratuko den ... probak egin eta medikuak esaten badit ez dela bidea, ba listo.

Palmares handirik ez duzu batu agian baina oso pilotari maitatua zara, bai kantxa barruan zein kanpoan.

Nik azkenean txapelik ez dut, finala ezin izan genuen irabazi, baina begira zelako pilotariekin jokatzeko aukera izan dudan, debutetik hasita. Oinatz Bengoetxearekin, Berasaluze-Belokiren aurka egin nuen debuta, eta gero ba Olaizola, Irujo, Barriola, Xala, Zubieta... garai bat markatu duten pilotariekin jokatu dut lehen mailako partidetan eta orain markatzen ari direnekin ere bai, Altuna, Laso, Zabaleta... Hori gaur egunean ezin du edozeinek esan.

Oinatzek agurrean esaten zuen pilotari bizitza pribilegio bat zela, zuk ere hala sentitu duzu?

Bai, dudarik gabe. Zuk nahi duzuna egin, eta hortik bizi eta sortzen duzun miresmen hori... Ni behintzat jendeak beti ondo hartu nau eta beti laguntzeko prest. Nik uste dut ni ere hala izan naizela beti, pribilegiatu batzuk izan gara eta beti sentitu izan naiz hala.

«Oso gaitza izango da orain arte bezala bizitzea, baina ez naiz ezertaz damutzen eta jakitun naiz ia hamabi urte hauetan nolako pribilegiatua izan naizen»

Pasatu zaizkizun guztiak eta, hala ere, beti irribarre bat ahoan. Horretarako jaio egin beharko da.

Bai, nik uste jakitun naizela gauza txarragoak asko daudela. Urrutira joan gabe, guk orain etxean osasun arazoak ditugu eta bagenekien, baina benetako arazoak zeintzuk diren ikusita, gurea katxondeo bat da, bueno ‘katxondeo’ ez da hitza, baina ez da hain larria, ez dago bizia jokoan. Hau bukatzen da eta orain beste bizi maila bat, beste kalitate bat, lortzen saiatuko naiz, oso gaitza izango da orain arte bezala bizitzea, baina ez naiz ezertaz damutzen eta jakitun naiz ia hamabi urte hauetan nolako pribilegiatua izan naizen.

Hasita zaude beste zerbaitetan?

Bai, banabil lanean pentsu salmentan, katu eta txakurrentzako janariarekin-eta, eta gero, esan bezala, lagun on asko leku denetan eta lanik ez zait faltako. Badakit nondik natorren; lehen ere egon naiz fabrika batean lanean zortzi orduz eta badakit zer den, eta ez daukat arazorik berriro mundu horretara itzultzeko. Bizia halakoa da eta orain arte nire moduan ez dira asko bizi izan, baina orain nik ere garaia dut, denen moduan, ordutegi bat betetzeko eta baita orain arte izan ez ditudan ordu libre batzuk hartzeko ere.

Gogoan dut Binakako finalaren atarian nola esaten zenidan «badakit nolako pilotaria naizen eta tailer batean amaituko dudala».

Bai, hortik natorrelako, badakidalako zer den, probatu nuen eta konturatu nintzen zelako ondo bizi naizen pilotari izaten, baina nik oso-oso argi izan dut non amaituko dudan eta ez daukat inolako penarik, batere ez. Orain fabrikan zortzi ordu lanean hasteak oso gogorra izan behar duela pentsatuko du askok, baina nik orain arte ere ez dut izan lan bat ordutegia bukatu eta beste hamabi ordura arte lasai zaudena. Asteburuetan jai, oporrak... nik orain arte ez dut halakorik izan eta hori ere baloratzen dut. Esaten dudan bezala, denaren alde onak bilatzen saiatzen naiz, umore eta alaitasunarekin.

Hamabi urte hauetako zerekin geratzen zara?

Ikaragarria da nolako ingurua izan dudan hamabi urteotan, sekulako lagunak egin ditut, familiak egin ditut; Ezkarain familia egin dut, Lekeition familia egin dut, Berrizen familia egin dut, Santurtzin familia egin dut... hitz batean esateko, kristorena. Ni ere agian halakoa naizelako, baina nirekin jendea oso-oso ondo portatu da eta ez dago txapelik hori ordezka dezakeenik.

Biharko zer espero duzu?

Badakit telebistak agintzen duela; ez da izango gauza handi bat. Nik Markinan zerbait egiteko asmoa dut, Gabonak aldera edo, osasunez eta hobeto nagoenean, jaialdi bat ekarri eta, ni ondo banago, disfrutatu eta benetako lagun eta ingurukoekin han ospatu. Larunbatean ere bai, baina Markinako horrek egiten dit ilusio handia.

Pixka bat Oinatzek egin duenaren antzera?

Azkenean ni gehien babestu nautenak familiakoak izan dira, ingurukoak, lagunak, momentu onetan eta txarretan hor daudenak, eta nik uste eurei eta Markinako herriari hainbeste zor diedala. Urtero jaialdi bat egoten da, betekadak egon dira nik jokatu dudan guztietan eta azken egun on bat eskaini nahi nieke.

«Aukera izan dut primeran jokatzeko, baina egunero azterketa bat izatea bezala izan da»

Onena aipatu dugu, eta txarrena?

Ba lesioak eta, ze ni ez naiz primera-primerako pilotari bat izan. Aukera izan dut primeran jokatzeko, baina egunero azterketa bat izatea bezala izan da. Nik lehen mailan lehiatzeko kantxa barruan %100 ematen ez banuen asko bajatzen nintzen eta banekien oso ondo egon behar nuela. Batzuetan lortzen nuen eta beste batzuetan ez, eta presio hori izan da txarra, gozatzen uzten ez dizuna. Presio hori edo zeure buruari erakutsi nahi hori izan da txarrena. Asko estutu izan dut neure burua, nahiz eta bost minutura ahaztu egiten zaizkidan gauza horiek.

Greba ere ez zen samurra izango. Faktura pasatu dizu?

Bueno, ba agian bai baina, egia esan, hor sortu ziren gauzak eta hor egin ziren gauzak etorkizunerako oso onak izango dira eta ni neure buruarekin oso harro nago pauso hori aurrera ematearekin. Uste dut egin behar nuen zerbait zela; elkarte bat sortu zen, enpresarekin daukagun tratua orain askoz hobea da, pilotariek pisu bat hartu dute eta oso harro sentitzen naiz garai horretan egindako lanaz. Uste dut egin behar zela eta niri tokatzen zitzaidala pauso hori ematea.

Aurpegia eman zenuten gehienak joan zarete edo joatekotan zarete...

Bueno ni, egia esan, horri begira ez naiz sekula egon. Nik momentuan momentukoa egiten dut eta momentu hartan sentitu nuen aurrerapauso hori eman behar nuela. Egia esan, niretzat gauza handirik ez nuen lortu, baina pilotarien etorkizunerako asko egin genuen eta horrek edozerk baino gehiago balio du. Azkenean kasu honetan etxera noa baina, arrazoia hori izan bada, oso harro noa. Inork ez dit esan horregatik denik. Baten batek pentsa dezake horregatik dela, nik ere pentsa nezake, baina ez dut nahi hori pentsatu, zeren, esan bezala, ez dit inporta; oso harro nago egindakoaz eta loa ez dit kenduko.

Gainera handik gutxira Aimarri eta aurreskua dantzatuta erakutsi zenuen orrialde hori pasa zenuela eta harremana ona izan dela.

Bai, nik alde horretatik ez daukat ezer inori aurpegira botatzeko, ni beti izan naiz gauzak uste dudan moduan esatekoa, munduko edukazio denarekin, baina gauzak uste dut gizonen moduan berba egin behar direla eta mahai gainean ipini. Nik uste horregatik egin ditudala horrenbeste lagun, horregatik errespetatzen nautela eta, egia esan, inoiz ez diet hutsik egin nire baloreei eta horregatik oso oso pozik nago.

«Nik uste dut pilota momentu honetan, mailaz behintzat, osasuntsu dagoela»

Nola ikusten duzu pilotaren etorkizuna?

Ikusten da nolako maila dagoen, gazteak ere fuerte datoz, baina Altuna, Laso, Ezkurdia... goi mailakoak dira. Asteburuan ikusi da ze maila dagoen, Elordik Ezkurdiari irabazi zion, Altuna Peñak estutu zuen, asko gainera. Nik uste maila oso ona dagoela eta gustatuko litzaidake lehengo giro hori egotea pilotalekuetan, baina konpententzia hor dago. Dena dela nik uste dut pilota momentu honetan, mailaz behintzat, osasuntsu dagoela.

Aldagelak oso gazteak dira; beteranoak ez dira faltako?

Nik uste dut hori ere garrantzitsua dela. Nik beteranoekin asko ikasi nuen, 18 urterekin debutatu nuen, baina koadroak beste era batekoak ziren; Pablito, Haritz Begino, Ruben Beloki, Olaetxea, Saralegi, Aimar bera, Oinatz ere beteranoa zen nik debuta egin nuenean... eta horiekin jokatzen asko ikasten duzu, lanbidea bizkor ikasten duzu, pilotari izaten eta, batez ere, lankide izaten. Eta nik uste hori faltako dela, ze gaur egunean ba 25 urterekin beteranoa zara. Nik uste hori garrantzitsua dela eta nabarituko dela, zoritxarrez.

Eta zure saltsero paper hori hartzeko inor prest ba al da?

Bai, saltseroak badaude, azkenean pilotaria jairik jai doa, udako pilotari giro hori bai botako dudala faltan! Hori da pilotariei gehien gustatzen zaiguna, joaten zaren edozein herritan jaiak dira eta hartzen gaituzte beti txapeldunen gisa eta hori sekulakoa izaten da. Frontoiak beteta egoten dira udan, sekulako giroarekin eta jokatu ostean afari pasada egin lagunekin edo pilotari lankideekin... hori faltan botako dut. Baina badira pilotariak poztasun horrekin eta adarra jotzeko makina prest dutenak.