Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Txapelketan abiatu ziren emakumeen %71ak jarraituko du bigarren fasean kantuan

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoak larunbat honetan abiatuko dira Elizondoko Baztan pilotalekuan. Agin Laburu, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Unai Agirre arituko dira bertan.

Elizondon arituko diren bertsolariak.
Elizondon arituko diren bertsolariak. (Bertsozale Elkartea)

Bertsolari Txapelketa Nagusia bigarren ziaboga ematera doa finalera bidean. Bihar abiatuko da bigarren fasea, finalaurrekoena, Elizondon. Lehen faseak utzi du arrastoa, memoria kolektibora pasatuko diren aleak, irristada mingarriren bat, ezusteko freskoren bat. Baina lehen faseak, sentsazioak aparte eta zenbakiak eskutan, datu nabarmen bat utzi du: emakume bertsolarien efikazia. Lehiaketan erronketako bat emaitza onak lortu eta faseetan aurrera egitea bada, pauso sendoa eman dute emakumeek. Lehen fasean parte hartu duten 14 emakumeetatik 10 pasa dira finalaurrekoetara, abiatu zirenen %71 baino gehiagok jarraitzen du trenetik jaitsi gabe. Azken urteotan altxatzen ari den olatuaren bultzada da, bakarkako lanaren eta indar kolektiboaren konbinaketa, hausnarketaren eta plazako jardunaren ondorioa.

Txapelketa osotasunean hartuta, parte-hartzaileen %35,7 dira emakumeak. Lehen fasean parte hartu dutenen artean, %38,8 izan dira emakumeak. Bigarren fase honetan jokoan sartuko dira 2017an finalista izandako bost bertsolari, guztiak gizonezkoak. Hartara, finalaurrekoetan bertsolarien %41,6 izango dira emakumeak. Parte-hartzearen datuak gora doaz beraz. Eta nabarmentzeko datua da aurretik aipatutakoa, txapelketaren trenean abiatutako emakumeen %71,4k lortu dute lehendabiziko langa igarotzea.

Finalaurrekoak, bi bueltara

Finalaurrekoak bihar abiatuko dira Elizondon. Bi itzuli izango ditu finalaurreko faseak: lau finalaurreko izango dira lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute. Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera. Lehen bueltan Elizondon, Donibane Garazin, Irunen eta Durangon izango dira saioak. Bigarren bueltan, Amurrion, Baionan eta Bilbon.

Ariketak ere desberdinak izango dira bigarren fasean. Lehen izulian, bertsolari bakoitzak hamasei bertso josi beharko ditu; hiruna zortziko handian, hiruna zortziko txikian, launa bertso bertsokidearekin puntuka zortziko txikian, hiruna sei puntuko motzean eta ganbaran hiruna bertso. Teknikoki zailtasunean koska bat gora egiten du txapelketak.

Aretoak ere handiagoak izango dira bigarren fasean, bertsozale gehiago bilduko direla espero baita. Martxa betean doa bertsolari txapelketaren trena. Helmuga, Iruñeko Nafarroa Arena abenduaren 18an. Finalean zain dagoen bakarra 2017ko txapelduna da, Maialen Lujanbio.

Donibane Garaziko saioa.

Irungo saioa.

Durangoko saioa.