Lasarte maratoia1
Lasarte-Oriako oholtzan zaletasun denek dute lekua. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Lasarte maratoia2
Zortzikotea da giroari bero eusteaz arduratzen den herritar saltsero kuadrilla. Beti oholtzan izaten da kideren bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Lasarte maratoia3
Herri kirolak ere egin dituzte larunbatean. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Lasarte maratoia4
Ekimen hau herri osoarena da eta hala erakusten du biltzen den jendearen aniztasunak. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Lasarte maratoia5
Euskaraldiko belarriprest eta ahobizi lasartearrak dira jaiotzez, eta Euskaraldiarekin bat egin dute aurten Maratoialdia sortuz. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Lasarte maratoia6
Okendo plazatik inguruko kaleetara zabaltzen dira festa uhinak. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Lasarte maratoia7
Taldean egiten dira maratoiko ekintzak, hori da ezaugarrietako bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Lasarte maratoia8
Edizio biribila dute, hamargarrena, eta sei urteko tartearen ondotik (ohiko lau urteak eta pandemiak behartutako biak), gogotsu hartu dute. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Maider Iantzi

Dantza, kanta, kirola... dena da posible Lasarte-Orian, baina gozatuz eta euskaraz isildu gabe

Martxan da Lasarte-Oriako Euskararen Maratoia; larunbat goizetik igande gauera euskaraz tar-tar-tar ari dira herritarrak. Zenbat istorio, zenbat irri, zenbat izerdi. Haiek esaten duten bezala, «ez da halako sanpedrorik».

Denen artean 40 orduz euskaraz isildu gabe aritzea lortzen dute Lasarte-Oriako Euskararen Maratoian, oholtza zaletasun guztiei zabalduz, kirola, antzerkia, musika, zernahi. Aurten hamargarren edizioa dute eta Euskaraldiarekin bat eginez, Maratoialdia antolatu dute, ‘Sentitu, prestatu eta ekin!’ leloarekin.

1986an erronka bota zuten: baietz 40 orduz euskaraz isildu gabe egin? Testuingurua ez zen erraza, herria sortu berria zen, bi komunitate oso bereizi zituen, euskaldunak alde batetik eta industrializazioak erakarritako etorkin uholdea bestetik. Baina lortu zuten denen artean tribu bat osatzea zeinetan denak eroso sentitzen diren, baita alderdi politikoak ere. Horren erakusgarri da maratoiaren hasierako ekitaldian Udaleko talde politiko guztiek parte hartzea.

Funts horrekin segitzen dute hamargarren edizio biribil honetan, 36 urte geroago. Baina aurrerapausoak emanez beti. Horregatik, Euskaraldiarekin bat eginez, Maratoialdia antolatu dute aurten. ‘Sentitu, prestatu eta ekin!’ leloaren ‘prestatu’ hori izango da bereziena, euskaldunak ahalduntzeko saio dibertigarriak proposatuko baitituzte maratoia bukatu eta Euskaraldia hasi bitartean.

Igande gauera arte bada astia eta festa mundial hau bertatik bertara ezagutu nahi duena gonbidatuta dago. Herriko plazan, Okendon jarritako karpa handia da jaiaren epizentroa.