18 urteko emakume gazte bat hil da igande goizaldean Larresoron izandako zirkulazio istripu berri batean. Beste lau gazterekin zihoan kotxe berean. Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, ibilgailua errepidetik atera egin da eta zuhaitz baten aurka egin dute talka, France Bleu hedabideak jakinarazi duenez.
Istripua Lapurdiko herritik hegoaldera abiatzen den D88 errepidean gertatu da, 06:00ak aldera, beti iturri beraren arabera.
Hildako neska gazteaz gain, autoan zihoazen beste lau lagunak, 17 eta 19 urte bitarteko hiru mutil eta neska bat, larri zaurituak suertatu dira istripuaren ondorioz. Larrialdi zerbitzuek Baionako Euskal Kostaldeko Ospitalera eta Akizeko ospitalera eraman dituzte zauritutakoak, bertan artatzeko. Oraingoz ez dute haien egoeraren inguruko informazio zehatzik eman.
Istripu larrien inguruko kezka
Urte hasieratik Ipar Euskal Herrian izan diren istripu hilgarrien kopurua benetan kezkagarria da: bertako errepideetan 21 hildako izan dira aurten.
Eta bereziki nabarmena da gazteek pairatu dituzten ezbeharrak. Zendutako 21 pertsona horietatik 14 18 eta 24 urte bitartekoak dira, Pirinio Atlantikoetako prefetaren kabineteko zuzendariak emandako datuen arabera.