NAIZ

Erdizeko bazkaleku komunala Magnari baimentzearen inguruko galdeketa egingo dute Baztanen

Azaroaren 20an herri galdeketa egingo dute Baztaneko herrietan Erdizkeko lurretan Magnari meatzeak irekitzeko baimena eman ala ez iritzia emateko. Nafarroako Gobernuari herritarren hitza entzun dezaten eskatu diote.

Baztango alkateak, azaroaren 20an egingo duten herri-galdeketa aurkezten
Baztango alkateak, azaroaren 20an egingo duten herri-galdeketa aurkezten (Idoia Zabaleta | FOKU)

Baztango alkateek bailarako ordenantzez baliaturik, azaroaren 20an Baztango herri guztietan, Almandozen izan ezik, herri galdeketak egingo dituzte.«Erdizeko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen alde zaude?», izango da herritarrei egingo zaien galdera.

Herritarrek baiezko edo ezezko erantzuna eman beharko dute. Eta gaur bailarako alkateek egin duten agerraldian adierazi dute galdeketaren helburua «herritarren hitza entzutea» dela. «Eta aukeratzeko eskubidea bermatzea gure betebeharra dela uste dugu», azaldu dute.

2022ko urriaren 3an Erdizeko bazkaleku komunala foru interesko proiektu izendatzeko proposamena onartu zuten Nafarroako Parlamentuan, Baztango Batzar Nagusiaren erabakiei ezikusia eginez. Gaineratu dute: «Espainiako Gobernuak bailarako Batzar Nagusia behartu zuen gaurko egunarekin egin nahi izan zen herri galdeketa ere bertan behera uztera. Bertze behin ere, Baztango Batzar Nagusiaren erabakia eta burujabetza deuseztatuz, beren hitza inposatuz».

«600 urtez babestu ditugun lurrak bere horretan uztera behartuko» ote dituzten galdetu dute gaurko agerraldian, eta beraiek beren lurrak defendatzen jarraituko dutela aldarrikatu, duela 600 urte bezelaxe.

Nafarroako Gobernuari PSISaren eskaerari erantzunik eman baino lehen, baztandarren iritzia entzun dezala eskatu nahi diote. Herritarrei haien iritzia emateko deia egin diete «alde nahiz kontra, baztandarrek Baztan egiten dugulakoz».